Arkaitza taberna, Biok janariak, eta Gure Txoko jatetxea, Oarsoarrak Euskararen Sarien irabazle
Sari emate ekitaldia hilaren 28an (ostirala) egingo da Errenteria-Oreretako Merkatuzarren.
Arkaitza tabernako arduradun Amaia eta Jone Arruti. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak jada erabaki du 2025eko Oarsoarrak Euskararen Saria nori eman: Errenteria-Oreretako Arkaitza taberna, eta Oiartzungo Biok janariak nahiz Gure Txoko jatetxea izendatu ditu saridun. Sari emate ekitaldia hilaren 28an (ostirala) egingo da Errenteria-Oreretako Merkatuzar aretoan, 19:00etan; euskaltzaleei dei egin diete bertara joateko, sariak emateaz gainera, hainbat ikuskizun izango direlako bertan. Eskualdeko euskaltzaleen topagune izango da, Oarsoarrak Euskararen Sariak aitzaki, Merkatuzar.
Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak jaso diren proposamenak arretaz aztertu ondoren, kanpoko herrialdeetatik etorrita negozioa euskaraz edo euskarari dagokion garrantziaz zabaldu duten Oiartzungo Biok eta Gure Txokoren lana goraipatzea erabaki du. “Euskara ikasteko eta erabilera naturala bilatzeko izan duten konpromiso irmoa, eta eguneroko jardunean hizkuntzari eman dioten lekua, aitortza publiko honen arrazoi nagusi dira”, esan dute epaimahaikideek.
Era berean, Errenteria-Oreretako Arkaitza taberna sarituko dute, 50 urte bete direla-eta, euskararen eta euskal kulturaren babesleku bero, eroso eta beti zabalik izan delako epaimahaiaren esanetan: “Hasieratik bezeroak euskaraz hartzeaz gain, beti izan ditu lagun euskal musika, bertsoak eta kultur adierazpenak, garai zailenetatik globalizazioaren zaratara arte. Auzo eta herritar askorentzat, euskaraz arnasa hartzeko eta komunitatea eraikitzeko plaza izan da”.
Sariaren epaimahaiak —lau udalek, Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak eta norbanakoek osatua— eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu sari banaketa ekitaldian parte hartzera.
