Sorika Couturek hamar urte bete dituelako, moda desfilea Antxon
Raquel Oliver antxotarraren moda marka da Sorika Couture. Hamar urteko bidea antxotarrekin ospatu nahi du bihar (hilak 22, larunbata) arratsaldean.
Raquel Oliver, ezkongai batekin lanean.Sorika Couture / Facebook Raquel Oliver antxotarraren firma da Sorika Couture. Moda diseinatzailea da Oliver, eta hark garatutako markarekin batez ere ezkongai emakumeen eta gonbidatuen diseinua eta jantziak egiten ditu batez ere. Hamar urte bete ditu Sorika Couturek, eta hori jendartearekin ospatu nahi du sortzaile antxotarrak: bihar (hilak 22, larunbata) “moda desfile bikoitza” antolatu du Ibaiondo frontoian 19:00etan hasita (ateak 18:30ean zabalduko dituzte).
Desfilearen bikoiztasunaren xehetasunak eman ditu, gainera, diseinatzaileak: batetik, ezkongai emakumeentzat eta haien gonbidatuentzat egin dituen azken diseinuak erakutsiko ditu Oliverrek; bestetik, duela hamar urtetik daraman ildoa hausteko argudioak emango ditu desfilean, izerditakoen kolekzioa egin baitu antxotarrak, eta hori azalduko du bere sorterriko pilotalekuan. Desfile handienetan bezala, hara doazenek koktela izango dute.
Hamar urteko bidean, Raquel Oliverrek adierazi du jantzi “bakar, zintzo eta dotorezian lagungarriak” egiten ahalegindu dela, “betiere artisau teknikak erabiliz, arreta pertsonalizatuarekin, eta emakume bakoitzaren gorputzaren berezitasunei, nahiz haien izaerari balioari emanez”. Hala, izerditakoen linearekin “etapa berria” hasiko duela jakinarazi du antxotarrak, “benetako emakumeentzako diseinuak egiten hamar urte egin ditut. Urrats hau naturala zen. Une handienetatik at emakumeentzako lagungarri izan daitekeen arropa egin nahi nuen”.
Desfilerako sarrera irekia da, edonor joan daiteke Raquel Oliverren sormen lanaz gozatzera.
