«Uste dugu momentua dela adin tarte horri ere erreparatzeko»
Pasaiako Udalak 65 urtetik gorako pertsonen beharrizanen diagnostikoa osatu du. Tabernak eta Lasak gakoak azaldu dituzte.
Pasaiako Udalak 65 urtetik gorako pertsonen beharrizanen diagnostikoa osatu eta jendaurrera eraman du. Dokumentu hori sortu da 65 urtetik gorako pasaitarren egoera nolakoa den ikusteko, eta argazki orokor bat identifikatzeko. Udalak ez du diagnostikoa bakarrik osatu, herritarren eta eragileen beharrak jaso baititu. Adin tarte horri ahotsa ematea berebizikoa dela ikusi du udalak, eta urtarrilean martxan jarriko den Adinekoen Kontseilu bat osatu du. Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Naiara Lasa gizarte langileak prozesuaren nondik norakoak eta etorkizunera begira egingo diren urratsak azaldu dituzte.
65 urtetik gorako pertsonen beharrizanen diagnostikoa osatu eta aurkeztu du Pasaiako Udalak. Zertan datza?
Naiara Lasa: Urteak daramatzagu jubilatuen elkarteekin harremanetan eta hainbat lanketa egin ditugu haiekin. Ikusten genuen eragin asko egon direla azken urteetan COVID-19aren ondorioz. Alde batetik, ikusi dugu COVID-19ak eragina izan zuela jubilatuen elkarteetan. Espazio horiek itxi egin ziren eta dinamika horiek berriro martxan jartzea kostatu egin da. Bestetik, 65 urtetik gorako pertsona guztiek ez dute jubilatuen elkarteekin bat egiten. Beharra ikusi genuen Pasaiako 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea ezagutzeko, ikusteko zeintzuk diren haien beharrak eta aurrera begirako lanketak abiatzeko.
Aintzane Taberna: Ikusten genuen gai horretan aurrerapauso bat eman behar genuela. 65 urtetik gorako pertsona guztiek ez dute eredu horrekin bat egiten edo ez dira jubilatuen elkarteetara hurbiltzen. Belaunaldi berriak beste ikuspegi batekin datoz, eta salto bat emateko asmoz egin dugu diagnostikoa. Emaitza horrek argazki bat eman digu. 44 eskaera jaso ditugu, batzarrak egin ditugu barruti guztietan, eta udalean bilera interdepartamentalak ere egin ditugu ikusteko sail guztiek nola ikusten zuten diagnostikoa eta zein ekarpen jaso genitzakeen haiengandik.
Ikusi dugu beharrezkoa dela ahotsa ematea adin tarte horri. Garrantzitsua da, era berean, jarraipen bat egiteko aukera izatea, beraien beharrak jasotzeko. Foro bat egitea ere beharrezkoa ikusi dugu, mahaigaineratzeko, adibidez, eredu aldaketa bat egon daitekeela, eta ikusteko nola antolatzen garen adin horretatik aurrera. Hor proposamena jaso genuen kontseilu bat antolatzeko, eta urtarrilean egingo dugu lehen bilkura.
Helburua, hortaz, 65 urtetik gorako pasaitarren egoera nolakoa den ikustea izan da, ezta?
Lasa: Pasaiako herritarren %22 65 urtetik gorakoa da, eta badirudi datu horiek handitzen joango direla. Bost bilera egin genituen diagnostikoa osatzeko. Horietatik lau jubilatuen elkarteetan egin ziren eta bosgarrena irekia izan zen. Saioak irekitzea aberatsa izan zen. Jubilatuen elkarteetan errazagoa da jendea elkartzea, baina horiek talde baten ordezkari gisa doaz. Azken deialdia ireki egin genuen eta aberatsa izan zen. Hor hainbat gai landu genituen: adineko pertsonen pertzepzioa, nahi gabeko bakardadea, belaunaldien arteko harremanak, zerbitzu soziosanitarioak, adineko pertsonen eskaintza aisialdiari lotuta, kirola edota jubilatuen elkarteen erronkak. Beraiek ere gaiak ekarri zituzten.
Lanketa pasaitarrekin batera osatu duzue. Zein da aurkitutako egoera?
Taberna: Denetik aurkitu dugu. Alde batetik, arazo arkitektonikoak nabarmenak dira Pasaian. Bestetik, Gizarte Zerbitzuen inguruan kontent azaldu dira. Jubilatuen egoeraren inguruan ere mintzatu dira. Badago belaunaldi bat jubilatuen egoitzetan dagoena, baina ikusi dugu atzetik datozen belaunaldiek ez dutela bertara joko. Ereduak aldatu egiten dira, eta horri buelta bat eman behar zaio. Identifikatutako beharrak beraiekin partekatu ditugu.
Lasa: Beharrak hirigintza, segurtasun edota kultura arlokoak dira. Konturatu ginen udalean dauden departamentuen arteko elkarlana sustatu behar genuela, esku-hartze integralagoa egiteko. Amankomunean dugun gai bat da, eta departamentu guztiek hartu behar dugu parte. Denok ezingo dugu parte hartu kontseiluan, baina gaiaren arabera udala hor egongo da. Hor gauzak landu eta lehentasunak jarri behar ditugu. Pasaia herri bat da, lau barruti ditu, eta bakoitzak bere identitatea oso markatua dauka. Halako espazio batean barruti bakoitzak besteen berri izan dezake, eta denen artean lehentasunak markatu daitezke.
Diagnostikoa egitea urrats erabakigarria izan dela esan zenuten hilaren 3an Trintxerpeko Alkateordetzan egindako aurkezpenean. Zergatik?
Taberna: Euren ahotsak jaso ditugulako. Alde batetik, beste arlotan badaude horrelako kontseiluak eta uste dut momentua dela adin tarte horri ere erreparatzeko. Bestetik, lanketak egiteko foro bat izango dugu, eta errealitatea ezagutu ahal izango dugu. Agintaldian sartu ginenean, esan genuen ahalegin guztiak egingo genituela herritarrekin ahal ziren foro gehienak partekatzeko. Adin tarte honek ere eskubidea du bere espazioa izateko.
44 lan ildo identifikatu dituzue egindako lanketatik. Erabaki nagusienetako bat Adinekoen Kontseilua osatzea izan dela esan duzue. Zer da Adinekoen Kontseilu hori?
Lasa: Hor zenbait eragilek hartuko dugu parte. Udala parte izango da. Bizipoz kooperatibak dinamizatuko du kontseilua eta gonbidapenak egingo zaizkie jubilatuen elkarteei, berdintasun elkarteei, Hauskor eta Adinkide proiektuko teknikariei edota Osakidetzari. Adin tarte honekin herrian lan egiten dugun eragileak elkartuko gara. Herritarrak ere bertaratu ahal izango dira, saioak ez dira eragileetara mugatuko. Lehenik, diagnostikoan identifikatutako 44 eskaerak lantzen hasiko gara, eta hor ikusiko dugu zer gehiago egin daitekeen. Asmoa da hilabetean behin elkartzea, urtarriletik aurrera.
Diagnostikoa Bizipoz kooperatibarekin batera osatu duzue. Nolakoa izan da elkarlana?
Lasa: 2018tik daramagu haiekin lan egiten. Jubilatuen elkarteak oso ondo ezagutzen dituzte. Udalaren eta jubilatuen arteko bilerak ere haiek dinamizatu dituzte. Udalerri askotan ari dira hirugarren adinekoekin lanean. Erraza izan da haiekin lan egitea. Esperientzia handia dute eta horrek asko erraztu du lana.
Taberna: Proposamenak beraiekin landu ditugu. Esperientzia dute gaiarekin, eta argazki orokorragoa dute. Primerakoa izaten ari da haiekin lan egitea, oso gustura gaude.
Diagnostikoa jendaurrean da. Hemendik aurrera, zer?
Lasa: Denbora eman dugu jendeak pentsatu dezan parte hartu nahi duen edo ez. Printzipioz, Gizarte Zerbitzuen bidez egin behar dute izen-emate hori, eta deialdiak ere irekiko ditugu. Lehen bilera urtarrilean izango da, eta gonbidapena egingo zaie interesa azaldu duten guztiei. Izen-emateak gizartekintza@pasaia.net helbidean edo 943 34 40 34 (luzapena 910) telefonoan egin behar dira. Diagnostikoa, gainera, eskuragarri dago udaleko webgunean.
Taberna: Batzarretan jendea oso prest azaldu zen. Eskualdean badaude horrelako beste kontseilu batzuk eta uste dut eskualde mailan lanketak egin daitezkeela. Uste dut pertsona horiek egoitzetatik komunitatera atera behar direla. Badago espazio bat egoitzetan egoteko, baina bestelako ekintzetan ere parte hartzera animatzen ditugu. Eredua aldatzen joan behar dugu, eta ikusi dugu belaunaldi oso ezberdinak daudela.
Lasa: Ereduari dagokionez, Pasaian jubilatuen lau elkarte ditugu, eta eskaintza ez da duela urte batzuk zegoena, zabaltzen ari dira.
