Abian da berreskuratutako mahai-jokoen maleta ibiltaria
Emaus Gizarte Fundazioak eta Kroma Artisau Elkarteak antolatuta, joan den ostegunean ekin zioten maleta ibiltariari.
Ekonomia zirkularra, kulturartekotasuna eta joko ez-sexista uztartzen dituen ekimen aitzindaria bat antolatu dute Emaus Gizarte Fundazioak eta Kroma Artisau Elkarteak. Oraingo honetan, eraldaketa soziala helburu, berreskuratu dituzten mahai-jokoen maleta ibiltaria egiteko asmoa dute, eta azaroaren 20tik aurrera dinamizatuko da, Errenteriako Udal Ludoteken bitartez.
Hondakinen sorrera murrizteko eta kontsumo kontzienteagoa sustatzeko etengabeko konpromisoan, oraingo honetan Emaus Gizarte Fundazioak eta Kroma Artisau Elkarteak indarrak batu dituzte jokoak berreskuratzeko prozesu berritzaile bat gauzatzeko. Proiektua Emaus Gizarte Fundazioaren dendetara iritsi ohi diren mahai-jokoak berrikusterakoan sortu zen, eta bi elkarteen lankidetza horren emaitza izan da mahai-jokoen maleta ibiltari bat sortzea, materialen bizitza baliagarria luzatzeko eta gizarte-aldaketako balioak sustatzeko. Horrenbestez, Kroma Artisau Elkartekoak, Emaus Gizarte Fundazioak kudeatzen dituen Elkarguneko (Errenteria) eta Bidasoko (Irun) eguneko zentroen parte-hartze aktiboarekin batera, joko horiek birgaitzeko falta diren piezak sortzen arituko dira.
Antolatzaileek jolasaren potentziala azpimarratu nahi izan dute, ekonomia zirkularraz gain, hausnarketarako eta gizarte-eraldaketarako eragile gisa. Horrez gain, beste hainbat balio lantzeko ere baliagarria dela deritzote. Besteak beste, kulturartekotasuna, belaunaldien arteko elkarreragina, ekonomia zirkularra, birziklapena, joko ez-sexista eta natura eta ingurumena zaintzea.
