3.000 pertsona mobilizatu ditu Zero Zabor Uretan-ek
Materrek Zero Zabor Uretan egitasmoaren zazpigarren ekitaldiaren datuak eta emaitzak ezagutarazi ditu gaur goizean egindako agerraldian.
Europar Batasuneko Hondakinen Prebentziorako Astearen baitan, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Zero Zabor Uretan egitasmoko 2025eko datuak eta emaitzak ezagutarazi ditu gaur goizean egindako agerraldian. Topaketan izan dira Monica Pedraira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun saileko Trantsizio Ekologikoko zuzendaria, Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria, Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotzia, David Sanchez CIMASUBeko zuzendaria eta Izaskun Suberbiola Materreko zuzendaria.
Aurtengoa Zero Zabor Uretan egitasmoaren zazpigarren ekitaldia izan da. Suberbiolak adierazi du iniziatiba itsas hondakinen aurrean “hausnarketarako, ikaskuntzarako eta ekintzarako prozesu kolektibo” gisa sendotu dela. Aurten 3.000 pertsona mobilizatu ditu Zero Zabor Uretan-ek, eta asko haur, nerabe eta gazteak dira. “Argi utzi dute indarrak elkarlanean batzen direla eta keinu bakoitzak baduela eragina”, esan du Suberbiolak. Parte hartzaileak Hondakin onena sortzen ez dena lelopean aritu dira lanean.
Zero Zabor Uretan zortzi udalerritako 11 ikastetxetan gauzatu da, eta itsas hondakinen inguruko hitzaldi eta tailerrak egin dituzte ikasleekin. Orotara, 1.000 ikasle baino gehiago inplikatu ditu Materrek. Ikasle horiek itsasoaren zaintzaren protagonista bihurtu dira, eta mezu aldarrikatzaileak sortu dituzte.
Ikasleek sortutako mezu horiek 434 tokiko merkatarien erakusleihoetan jarri zituzten, 17 udalerritako merkataritza elkarteen bidez bultzatuta. Komertzioen bidez, kanpainaren oihartzuna handitu zela baietsi du Suberbiolak: “Sare lan horrek agerian uzten du hondakinen prebentzioa eta itsasoaren zaintza lurralde osoko gizarteak, hezkuntzak eta merkataritza esparruak bere eginda dituen helburuak direla”.
Itsas zeharkaldia
Pasaiatik atera ondoren, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa Bilbon, Portugaleten, Bermeon, Ondarroan, Mutrikun, Getarian, Hondarribian eta berriz ere Pasaian izan zen uztailan zehar, eta portu bakoitza laborategi herritar bilakatu zela gogorarazi du Suberbiolak. Portu bakoitzean doako jarduera programa oso bat garatu zuen Materrek: bisita gidatuak, kaleko antzerki ibilbideak, sormen tailerrak, nabigazioak, itsas hondakinen arrantza jardunaldiak, lehorreko hondakin bilketak eta zinema emanaldien proiekzioak itsasontziko kubiertan.
Jarduera horiek 510 eragileren “lankidetza eskergarriari” esker gauzatu zela nabarmendu du Materreko zuzendariak. Horien artean, udalak, auzo eta kultura elkarteak, ikastetxeak edota komertzioak izan dira. Horrez gain, boluntariotza itsas zeharkaldiko “zutabe nagusietako” bat izan zela aitortu du Suberbiolak. Orotara, 37 pertsona logistikan eta sentsibilizazioan aritu ziren, “herritarren parte hartzea erraztuz eta Zero Zabor Uretan mezua publiko guztietara hurbilduz”.
Ingurumen inpaktua
Kanpainaren bitartean, 7.500 hondakin eta 30 kilogramo baino gehiago bildu eta aztertu ditu Materrek. Jasotako %96 plastikoa izan da, “itsas ekosistemetan hondakinek duten eraginaren tamaina agerian utziz”.
