Indarrez hasi dute sasoia Lezoko Beleek
Euskadiko Rankineko eta Eskola Kiroleko jardunaldiak izan dituzte asteburuan herriko eskrima kirolariek.
Lezoko Beleak Eskrima Klubak indartsu hasi du sasoia. Joan den asteburuan bi txapelketa egin zituzten Donostiako Pio Baroja kiroldegian, eta horietan lortutako emaitzak pozik egoteko modukoak dira, klubak adierazi duenez.
Larunbatean Euskadiko Rankineko lehiak izan ziren. Han, sableko emakumeen kategorian Julia Curto taldekidea horugarren izan zen Fortuna KEko June Ruizen eta Maialen Arinen atzetik. Beste brontzezko domina bat lortu zuten lezoarrak gizonen sablean, Eneko Castillo hirugarren izan zelako kategoria horretan Fortuna KEko Jaime Aizpuruaren eta Adur Aldaiaren atzetik. Maila horretan Nico Infante Lezoko Beleak-eko kidea hamalaugarren izan zen, eta Joan Da Silva hamazazpigarren.
Igandean Eskola Kiroleko jardunaldiaren partaide izan ziren Lezoko Beleak-eko kirolari gazteak. Jarraian, taldekideek lortutako emaitzak:
Benjamin Mailako mistoan: Einar Dominguez Aguado lehena izan zen, Erik Urtxipia Vara bigarrena, Adur Larrañaga Susperregi hirugarrena, eta Aner Ruano Hianasy bosgarrena.
- Kimu Mailako mistoan: Unax Zalla Intxaurrandieta lehena, Nico Dafauce Estevez hirugarrena, eta Niko Erkis Gallardo zazpigarrena.
- Haur Mailako mutilak: Ekhi Aiestaran Narciso bosgarren izan zen, eta Unai Quintana Trancon hamabigarren.
- Kadete Mailako neskak: Julia Curto Otxoa lehena izan zen.
- Kadete Mailako mutilak: Luken Robledo Delgado seigarren izan zen.
