Adierazpen instituzionala A25aren harira
Pasaiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez salatu dute "indarkeria matxistaren izaera estrukturala", eta "konpromiso irmoa" azaldu dute "emakumeen aurkako bortizkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lanean jarraitzeko".
Gaur Azaroaren 25a da, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, eta Pasaiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez salatu dute “indarkeria matxistaren izaera estrukturala”. Bide horretan, alderdi horiek “konpromiso irmoa” azaldu dute “emakumeen aurkako bortizkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lanean jarraitzeko”.
Udalaren hitzetan, “ezinbestekoa” da biktimei, beren inguruari eta indarkeria matxistatik bizirik atera direnei arreta, babesa eta laguntza bermatzea. Aldi berean, esku hartze integral bat “beharrezkoa” dela aldarrikatu du udal erakundeak: “Prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa uztartuko dituena”.
Berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko konpromisotik abiatuta, udalaren erronka da “erreparazio eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari ematen zaion erantzunean txertatzea”. Halaber, udal erakundeak “funtsezkotzat” du biktimei eta haien elkarteei “ahotsa eta protagonismoa” ematea, erreparazio prozesuak proposatzeko duten “zilegitasuna aitortuz”.
Indarkeria matxistak hildako emakumeen nahiz bortizkeria horretatik bizirik irtendako biktimen erreparaziorako, udalarentzat “ezinbestekoa” da zerbitzu eta erreminta guztien hobekuntza sistematikoki aztertzea eta osatzeko baliabideak jartzea: “Erreparazioaren bidez, indarkeriaren ondorioak arindu eta emakumeen osaketa bilatu behar dugu, bai pertsonala bai soziala”.
Aldi berean, inguruan antzematen diren errealitate berriek (indarkeria digitalak edo gazteen artean zabaltzen ari diren kontrol eta eraso moduek) “prebentzio eta sentsibilizazio espezifikoak” eskatzen dituztela baietsi du udalak.
Bide horretan, Pasaiako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu:
- Herritarren eta bereziki gazteen sentsibilizazioa sustatzen jarraitzen Goxatu programaren bidez, hezkuntzan eta prebentzioan indarkeria matxistaren adierazpen berriak (digitalak barne) landuz.
- Berdintasun arloa eta Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzea, baliabide tekniko zein giza baliabideen bidez.
- Indarkeria matxistaren aurkako erantzunerako plan eta protokoloak eguneratu eta erakundeen arteko elkarlana indartzea, herriko elkarte feministekin elkarlanean.
- Halaber, protokolo horien jarraipen, ebaluazio eta hobekuntza bermatzen jarraituko dugu ikuspegi feminista ardatz hartuta, herritarrak inplikatuz.
- Parte hartzerako eta ahalduntzerako espazioak babestu eta indartzea (kasu, Jabekuntza Eskola, emakumeen guneak edo Berdintasun Mahaia).
- Oarsoaldeko udalon ekimena den Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeentzako gunearen jarraipen eta garapena bermatzea.
- Datu sistemak hobetzea, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko estatistikak jasotzeko eta aztertzeko eredu berriak sortuz.
- Erreparazio eskubidea udal agendan txertatzea, emakumeen osaketa pertsonala eta soziala erdigunean jarriz.
- Erakundeen arteko koordinazioa sendotzea, protokoloak aktibo mantenduz eta esku hartze integrala bermatuz.
- Gizarte zibila, mugimendu feminista eta herritarrak inplikatzen jarraitzea udal politika eta neurrietan.
- Erakunde guztien arteko adostasun zabala bultzatzea, emakumeen aurkako indarkeria behin betiko desagerrarazteko behar diren baliabideak eta neurriak bermatzeko.
“Azaroaren 25ean eta urteko egun guztietan, Pasaiako Udalak emakumeen bizitza, askatasuna eta duintasuna defendatzeko konpromisoa berresten du. Indarkeria matxistarik gabeko Pasaia baten alde, elkarrekin, irmo eta etengabe jardungo dugu”, adierazi du Pasaiako Udalak.
