"Bide luzea dugu gure beharretara egokituko den hezkuntza feminista lortzeko"
Ikamak antolatuta elkarretaratzea egin dute gaur goizean Oarso Bidasoko ikasleek. Ideia faxista eta erreakzionarioei antolakuntza feministaz erantzutera deitu dute.
Ikama Gazte antolakundearen protesta gaur goizean.Imanol Saiz Gomez de Segura Azaroak 25 da gaur, indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta ikasleek ere bat egin dute horren harira elkarretaratzera deituta. Hala egin du Ikamak, eta gaur goizean elkarretaratzea egin du Errenteria-Oreretako Herriko Plazan. Kezka azaldu du gazte antolakundeak “faxismoaren gorakada” sumatzen ari delako azken aldian sareetan, kalean, instituzioetan baita ikastetxeetan ere. Bide horretan, ugaritu ei dira, halaber, diskurtso matxista, arrazista eta transfoboak, eta horrek eragin zuzena duela ikasleengan salatu dute, bereziki, neska, trans eta bollerengan.
Hezkuntza sistemari estatu egituren tresna izatea egotzi diote, eta Ikamaren esanetan, sistema kapitalista zisheteropatriarkala sustengatzeko diseinatua da: “Horren ondorioz, ikasle feministok modu askotan erasotuak eta zapalduak gara”. Faxismoaren diskurtsoaren presentzia gero eta nabarmenagoa dela ikastetxeetan salatu dute halaber, “diskurtso arrazistak, transfoboak, irakasle faxistak, gure identitateen aurkako erasoak, borroka feministaren kriminalizazioa, gure askatasunaren kontrako mehatxuak… ideia horiek ezin dute kabidarik izan hezkuntzan”.
Hezkuntza sistemaren barruan zentralitatea gorputz hegemonikoek izatea arbuiatu dute, bestalde, baita babestuko dituen protokolo eraginkorrik ez dela ere, “gero eta maiztasun handiagoarekin dugu irakasle faxisten berri heziguneetan, oraindik ere komun mistoen alde borrokatu behar gara. Argi dago, ikastetxeak ez direla espazio seguruak guretzako”.
Haien beharretara egokituko den hezkuntza feminista erdiesteko bide luzea dutela aurretik jakin badakite, hala esan dute eta bide horretan ideia faxista eta erreakzionarioei antolakuntza feministaz erantzuteko deia egin dute. Hezkuntza sistema errotik aldatzera ere deitu dute: “Gu antolakuntza feministaz gure hezkuntza feminista eraikitzera goaz”.
Margo morez eskuak markatu dituzte Nazkatuta gaude zioen pankartaren gainean eta txalo artean bukatu dute protesta.
Ondoko bideoa Ximun Leturia Letek egina da. Argazki galeria, berriz, Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.
