Borrokatzen jarraitzeko premia aldarrikatu du Saregileak taldeak
Gaurkoa jendartea mobilizatzeko eguna dela adierazi dute, eta zenbait konpromiso eskatu dizkiete udaletan baliabideak eskura dituztenei.
Gaur Azaroaren 25a da, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, eta Saregileak taldeak oraindik ere borrokatzen jarraitzeko premia dagoela adierazi du: “Gaurkoa ez da oroitzeko data soil bat; jendarte osoa mobilizatzeko eguna da, izurrite honekiko errefusa erradikalaz bandera egiteko eguna da”.
1960an Trujillo diktadoreak Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpak erail zituenetik, “feminizidioen kontagailuak” etenik izan ez duela salatu du Saregileak taldeak. “Emakume izate hutsagatik eraildako emakumeen heriotzak kontatzen jarraitzen dugu”, esan dute.
Emakumeen kontrako indarkeriek forma ezberdinak hartzen dituztela adierazi du Saregileak taldeak, “berdintasunaren diskurtsoaren aurrean forma laztuak eta normalizatuak. Berdintasunaren diskurtso hori, dudarik ez egin, ez da existitzen munduko biztanleon %52aren eguneroko bizitzan”.
Horren aurrean, Saregileak taldeak udaletan baliabideak eskura dituztenei eskatu die “benetako konpromisoa” izan dezaten honakoak bermatzeko:
- Berdintasun balioetan oinarritutako hezkuntza afektibo sexuala haurtzarotik bertatik.
- Aholkularitza eta laguntza erreala, eraginkorra eta holistikoa ematea indarkeria jasaten duten emakumeei.
- Ikuspegi birbiktimizatzailerik gabeko politikak, betiere bizirik dirautenen babesean, ordainean eta autonomian oinarrituta.
“Gure pasibotasuna beraien baimena da. Eramandako bizitza bakoitzarengatik, ereindako izu bakoitzarengatik, benetako berdintasunaren alde”, aldarrikatu du, ozen, Saregileak taldeak. Hori dela eta, herrialde osoan egingo diren elkarretaratze eta manifestazioetara joateko eta horietan aktiboki parte hartzeko deia luzatu dute.
