"Gure erantzukizuna da indarkeria matxistaren biktimentzat erreparatzaileak izango diren komunitateak sustatzea"
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur; Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala egin du.
Adierazpena egin du udalak.Izaro Perez Loperena Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta horren harira, adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Beldur eta lotsa ingurugiroa sortzen duela indarkeria matxistak adierazi du udalak, eta horrek, ondorioz, indarkeria jasaten dutenak “bakartu eta isilaraztea” ekarri ohi duela, biktimagileen zigorgabetasun sentsazioa handitzearekin batera. Halako egoerek okerrera egiten dute isolatuago egon litezkeen emakumeen artean, “sarerik ez dutelako, komunitatean sustraituta ez daudelako, besteak beste adineko emakumeak, landa ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna dutenak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak”. aurreko horien kasuan bakartzea eta isilaraztea are okerragoa dela jarri du nabarmen udalak egindako adierazpenean.
Balantzaren beste aldean, berriz, komunitatea: “Beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta modua ematen du babes loturak garatzeko eta narratiba komunak sortzeko”. Hori horrela, komunitateak emakumeen kontrako indarkeria matxistari aurre hartzen lagun dezakeela sinistuta azaldu da, diskriminazio eta indarkeria adierazpenek tokirik ez duten berdintasunean oinarritutako harreman inguruneak sortuz, “auzokideekin, lagunekin edo kuadrillakoekin harreman estua izateak goiz ohartaraz dezake indarkeria egoera gertatzen ari dela”.
Ezin besteko aipamena egin dio, halaber, adierazpen instituzionalak komunitate feministari, “hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, bai eta enpatia adierazi eta gertuko bide laguntza eman ere. Halaber , lagun diezaieke jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta haien onera etortzen, emakumeon erritmoak eta erabakiak errespetatuz betiere”.
Tokiko komunitateari ere jarri dio udalak egitekoa, “biktimen erreparazioa babes dezake, horretarako eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatuz, eta publikoki adieraziz gaitzespena zein biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna”.
Eta udalek, noski, badutela erantzukizun zuzenik bildu du adierazpenera. Zehazki, auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren komunitateak sustatzeko, eta indarkeria matxista sufritzen dutenak altzoan hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitarioa bultzatzeko ardura dutela jarri du nabarmen, “gure erantzukizuna da ere, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimentzat erreparatzaile izango diren komunitateak sustatzea”.
Bide horretan ari da udala lanean, eta horretan sakontzeko konpromisoa hartu du, dagoeneko egiten dituen jarduerei segida emanez batetik, eta berri batzuei ekiteko. Jarduera horiek, albistearen azpiko koadroan irakur daitezke. Adierazpena bukatzeko, dei egin die herritarrei mugimendu feministak gaur Errenteria-Oreretan antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera, “emakumeen kontrako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko”.
Mugimendu feministak antolatutako manifestazioa Clara Rangel plazatik abiatuko da 19:00etan.
Udalak indarkeria matxista ezabatzeko hartutako konpromisoak
- Hezkuntza komunitatean eragiten jarraitzea, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako formazioa eskainiz, egunero hainbat arlotan jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.
- Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten ingurumarietan
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotu daitezen, arreta berezia jarriz emakume eta neskatoengan
- Errenteriako III. Berdintasun Planean «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak» ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin
- Errenteriako emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa osatzen jarraitzea
- Hurbiltasun-sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.
- Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzea, hartara erreferentziazko gune izaten jarrai dezan, ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako.
- Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jardutea.
- Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.
- Genero indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde dugun konpromiso irmoa berrestea, edozein motatako indarkeria matxistari aurre eginez.
