Euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak gertu-gertutik
Koldo Mitxelena, Don Bosco eta Oiartzo ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 164 ikasle bildu dituzte Xare jardunaldiek Lekuona Fabrikan gaur goizetik eguerdira.
Xare jardunaldiak egin dituzte gaur Lekuona Fabrikan. Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak egin dituzte gaur Errenteria-Oreretan. Zazpi urteko ibilbidea dute jardunaldiek, eta bigarren aldia da udalerrian egiten dituztela. Gazteak, Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) eta euskara ditu ardatz egitasmoak, eta euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak gazteen artean ikusaraztea du helburu.
Errenteriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta, Koldo Mitxelena, Don Bosco eta Oiartzo ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 164 ikasle bildu dituzte jardunaldiek Lekuona Fabrikan gaur goizetik eguerdira. Denetariko ekintzak izan dituzte ikasleek: sei tailer, bi hitzaldi interaktibo, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida bat, Zainduz Saretu ihes jokoa eta Sara Zozaya artistaren kontzertua, tartean.
Ondokoak jardunaldiek gaur utzi dituzten irudietako batzuk dira, antolatzaileek HITZAra helarazitakoak.
