Irakurketa festa bilakatuko dute Lekuonan
Jakinmin elkarteak eta udalak elkarlanean Lekuonako lehenengo irakurketa festa antolatu dute; bihar, ostirala izango da.
Lekuona Fabrikaren kanpoaldea. Irakurketa gauza asko da, baita festa ere bihartik, Jakinmin elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu duten Lekuonako Lehenengo Irakurketa Festarekin. 18:00etatik 20;00etara egingo dute New Yorken arrakastatsua den eta dagoeneko hainbat hiritara zabaldu den egitasmoa Errenteria-Oreretan. “Formatu txikira egokitu da eta metodologia dialogikoarekin aberastu”, azaldu dute antolatzaileek. Irakurtzea, sozializatzea eta taldean hausnartzea gustuko duenak horretarako abagunea izango du bihar, hilak 28, Lekuona Fabrikan.
Saioak hiru zati izango ditu. Hasieran banaka, binaka edo talde txikietan irakurriko dute parte hartzaileek. Ondoren, irakurketak, emozioak eta bizipenak partekatuko dituzte, giro lasaian, infusio eta pastaz lagunduta. Eta azkenik, kutsu filosofikoa emango diote saioari irakurketari birizko galdera sakonagoak egin eta erantzunez.
Adin mugarik ez du egitasmoak.
Abenduaren 2an berriz, Giza Liburutegiak mugimenduaren barruan, An(h)iztunak jarduera helduko da Lekuona Fabrikara. Elkarrizketa eta ezagutza sustatu nahi ditu egitasmo horrek esperientzia partekatuen bidez. Giza Liburutegiko protagomnistek bizi istorio eta interes propioak partekatzen dituzte. Liburuak, bere bizipenak edota zaletasunak kontatzen dizkio entzuleari, galderak egin edota iritzia eman dezake horien gainean berriz, entzuleak.
Helburu zehatza izango du Giza Liburutegiak; izan ere, Euskararen Hamabostaldiaren barruan kokatu dute jarduera, baina baita Giza Eskubideen XI. Jardunaldien barruan. Hori horrela, udalerrian bizi diren hizkuntza komunitate kide desberdinek beren istorioa kontatuko dute.
Lekuona Fabrikan azken urtean eskainiko xden bigarren Giza Liburutegia izango da abenduaren 2ko hori, “arrakastatsua izan zen aurrekoa eta hori horrela, parte hartzera deitzen ditugu herritarrak”. 18:00etatik 19:30era izango da saioa.
Doakoak dira bi jarduerak, eta parte hartu ahal izateko izena eman behar da aurrez Lekuona Fabrikan bertan, Aldakoenean, edota online (klik hemen).
