Kontsumo enpresak kontzienteki aukeratzeko gakoak
Hitzaldia antolatu du Ekiherri energia komunitateak kontsumorako enpresak aukeratzeko garaian aintzat izan behar diren alderdiak azaltzeko.
Luz Romero Villalba. Kontsumo enpresak aukeratzerakoan aintzat hartu beharreko alderdien berri emateko hitzaldia antolatu du Ekiherri Energia Komunitateak. Kontsumitzeko enpresa aukeratzeak duen garrantziaz eta horren ondorioez ariko da Luz Romero Villalba. Latinoamerikan enpresa transnazional handiekin gertatzen denaren testigantza emango du Romerok hitzaldi horretan, zehazki, Kolonbiako emakumeengan duten eraginari buruz hitz egingo du.
Abokatua da Romero eta ekintzaile ekofeminista kolonbiarra. Giza eskubideen defendatzailea ere bada, emakumeen eskubideen arloan, eta lurra eskuratu eta defendatzearen alde ere badihardu.
Ez da bakarrik ariko hitzaldian; bigarren zatian, Goienerrek hartuko du parte, kontsumo alternatibak azaltzeko.
Hitzaldia irekia da publiko zabalari, abenduaren 2an izango da, asteartea, 19:00etan Torrekua eraikineko 3. solairuan.
Antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte herritarrak, “izan ere, kontsumo enpresa erabakitzeko garaian, bakarrik merkeena aukeratuz gero, ondorioak ditu gure erabaki horrek bai ingurumenean zein pertsonengan. Agian ez digute hasieran behintzat guri edo etxekoei eragingo, baina komunitateari, nire herriari edo maila globalago batean munduko beste herri bati eragingo diote ondorio horiek. Hortaz garrantzitsua da hori guztia kontuan hartuta egitea aukeraketa”.
Horretarako informazioa, eta gakoak, Ekiherrik antolatu duen hitzaldian jasoko dituzte bertaratzen direnek.
