Hirugarrena labetik atera du Ilargik, 'Dolu(s)min'
Musikari lezoarrak doluaren aldaera ezberdinak jasota dituen disko kontzeptuala jendarteratu du, bere ibilbideko hirugarrena.
2021ean Killasisa, 2022an Beldurrarekin dantzan, eta atzo Dolu(s)min. Hiru disko ditu jada Ilargi musikari lezoarrak, eta atzo (asteazkena) jendarteratu zuen labetik atera berri duena, Dolu(s)min. Kontzeptu baten inguruan, horren hainbat aldaera kontuan hartuz, eraiki du sormen lan berria: dolua. “Minaren eta galeraren inguruan bildutako hainbat testigantza eta bizipen oinarri hartuta, diskoa bizipenak, emozioak eta sostengua uztartzen dituen lan kontzeptuala da, dolua eta haren inguruko bizipenak modu zabal eta partekatuan jorratzen dituena. Diskoak doluari buruzko ikuspegi artistiko eta sozial zabala proposatzen du, norberaren esperientzia eta kolektiboarena lotuz”, zehaztu du Ilargik. Diskoaren aurkezpen soziala abenduaren 13an egingo du musikari lezoarrak, Lezoko Gezala Auditoriumean emango duen kontzertuarekin. Data berezia da hura Ilargirentzat: aita zenaren urtebetetze eguna da. Ilargiz gain, Sutargi abesbatza eta bestelako sortzaileak izango dira Gezalako oholtzan.
Hiru zatitan dago banatuta zortzi kantako diskoa, zati bakoitzaren atarian Juan Ramon Makuso poeta lezoarraren olerkiak daudelarik; hiru zatietan olerki horien paraleloan diren abestiak daude. Hori, baina, disko fisikoan bakarrik goza daiteke, ez ordea streaming plataformetan Ilargik zintzilikatu dituen edukietan. Horrela, euskarri fisikooari garantzi berezia eman nahi izan dio egileak.
Ezinbestekoa da euskara Ilargiren sormenean. Hala ekoitzi du hirugarren diskoa. Doinuei dagokienez, pop eta rock-pop giroetan kokatu du lezoarrak kantuen sorta, elektronika ukituekin Hark sortutakoak dira doinuak eta letrak. Grabazioan Mikel Zubiriak (bateria), Manu Morok (gitarra), Haritz Harreguyk (ekoizpena, grabaketa eta nahasketa) eta Victor Garciak (masterizazioa) parte hartu dute. Diseinu grafikoaren alorrean argazkiak Ibai Arrietak burutu ditu, eta muntaia eta diseinua Aritz Aranburuk.
Proiektuaren abiapuntua abeslariaren esperientzia pertsonalean dago: haren aita, Mikel Arrizabalaga, 2022ko apirilaren 11n hil zen, eta gertakari horrek jarri zuen dena martxan. “Minaren eta galeraren inguruan bildutako hainbat testigantza eta bizipen oinarri hartuta, diskoa bizipenak, emozioak eta sostengua uztartzen dituen lan kontzeptuala da, dolua eta haren inguruko bizipenak modu zabal eta partekatuan jorratzen dituena. Diskoak doluari buruzko ikuspegi artistiko eta sozial zabala proposatzen du, norberaren esperientzia eta kolektiboarena lotuz”, adierazi du Ilargik.
Diskoak hainbat ahots eta laguntzaile bildu ditu bere sorkuntza-prozesuan. Hil artean bizi kantan Ines Osinaga eta Marina Landa ageri dira abesten, eta hitzartzean Eba eta Elenitak parte hartu dute. Amets abestian, Hegoa Arenasek ere hartu du parte, eta Itsasargia argitan kantan Ilargiren kuadrillakoek. Proiektuaren hasierako fasean, Iñurri eta Esku Hutsik elkarteko kideek euren testigantzak eta esperientziak partekatu zituzten Hil artean bizi eta Amets abestiak sortzeko, hurrenez hurren. Hala hasi zen proiektuaren dimentsio soziala garatzen. “Pixkanaka, diskotik haratago doan proiektu zabalago bat sortu da. Musika-lanarekin paraleloan Gaztezulorekin elkarlanean, doluaren inguruko saio bat sortu dut: Dolum(u)inak”.
Diskoa jada salgai dago, lotura hau baliatuz eros daiteke. Bestelakoan, Interneteko hainbat plataformatik ere entzun daiteke lanaren oinarrizko bertsioa.
