Pasaiako Kirol Orientazio Zerbitzua, eredu Europan
Pasaia Badia Aktiboko ordezkaritza bat Bruselako All Stars jardunaldietan izan da, eta udalak bultzatzen dituen jarduera fisikoko plan eta politika publikoen berri eman du.
Pasaia Badia Aktiboko ordezkaritza batek Oarsoaldeko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuak ordezkatu ditu Bruselan (Belgika), All Stars proiektuaren itxierako konferentzian. Pasaia Badia Aktiboko ordezkariek Pasaiako Udalak bultzatzen dituen jarduera fisikoko plan eta politika publikoen berri eman du Belgikako hiriburuan.
Bizi estilo aktiboen jardunbide egokiak tokiko politiketan: talde baztertuak kirolean integratzeko gobernatzea lelopean egin zen Bruselako jardunaldia, hilaren 21ean. Bertan, Europako hainbat herrialdetako erakunde, ikerlari eta tokiko administrazioetako ordezkariak bildu ziren, inklusioaren eta osasunaren aldeko iniziatibak partekatzeko.
Bruselan Sara Dorronsoro Pasaiako Udaleko Kirol teknikaria eta Xabi Rodriguez eta Maddi Marquet Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuko koordinatzaileak izan dira, eta Oarsoaldean garatzen diren jarduera fisikoko “programa eredugarrien” berri eman dute.
All Stars proiektuaren helburua tokiko kirol politiketan bizimodu aktiboak sustatzeko jardunbide egokiak aztertzea izan dela jakinarazi du Pasaiako Udalak. Bereziki bazterkeria arriskuan dauden kolektiboak kirolean integratzea xede duten egitasmoak aztertu dituzte. Testuinguru horretan, Oarsoaldeko hiru orientazio zerbitzuak ikertutako esperientzia eta proiektuen artean nabarmendu direla adierazi du udal erakundeak.
Jardunaldian aurkeztu ziren ikerketen emaitzen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari diren Ekain Zubizarretak eta Irantzu Ibañezek “erreferentetzat” hartu zuten Pasaiako Kirol Orientazio Zerbitzua, “tokiko administrazio baten konpromiso eta eredugarritasunaren adibide gisa”.
Ikerlariek Alemaniako, Espainiako, Norvegiako, Herbehereetako eta Poloniako emaitzak eraman zituzten, eta iniziatiba bakoitzak bere lana aurkezteko tartea izan zuela baietsi du udalak. Bide horretan, Oarsoaldeko eredua “Europako bihotzera” eramateko aukera izan dutela adierazi dute Xabi Rodriguezek eta Maddi Marquetek. Halaber, Sara Dorronsorok nabarmendu du “aberasgarria” izan dela Europa mailako proiektuen berri izatea eta aukera eta erronkei buruz nazioarteko beste herrialde batzuetako ordezkariekin partekatzea.
Bestalde, honakoa adierazi du Julen Rodriguez Pasaiako Udaleko Kirol zinegotziak: “Ez da nahikoa kirola sustatzea; funtsezkoa da baliabideak jarri eta, batez ere, aukera gutxien dituzten horiengana zuzendutako kirol politikak garatzea. Pasaia erreferente bihurtzen ari da arlo horretan, eta bide horretan lanean jarraituko dugu, kirola eta jarduera fisikoa eskubide unibertsal gisa ulertuta”.
Bruselako topaketan, Iñaki Iturrioz hizlariak mahaiaren gainean jarri zuen arreta jarri behar dela herritar sedentarioengan, eta haiei begirako iniziatibak sustatu. Pasaiak ildo horretan lanean jarraituko duela baietsi du udalak. Konferentziaren xehetasunak eta ikerketaren emaitzak ondorengo estekan kontsulta daitezke.
