Publikoaren sariaren zain da Errenkoalderen bideo lehiaketa
Abenduaren 2ra arte izango da bideoa aukeratzeko beta. Sari emate ekitaldia berriz, abenduaren 4an izango da.
Bideo lehiaketa antolatu du bigarrenez Errenkoalde merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak, eta publikoaren saria jasoko duen bideoa bozkatzeko epea zabalik dela jakinarazi du. abenduaren 2ra arte izango da horretarako aukera (klik hemen). Hamar lan daude aukeran, zortzi euskaraz eta bi gaztelaniaz.
Sariak emateko ekitaldia, berriz, abenduaren 4an izango da Beraungo Pablo Sorozabal plazan, 19:30ean.
Egun horretan bertan, 20:00etan, Gabonetako argiak piztuko dituzte ofizialki Errenteriako Udalak eta Errenkoalde elkarteak: “Gabonetako argiztapenak giro erakargarria, jai kutsukoa sortuko du udalerrian paseatu eta erosketak egiteko, eta merkataritza zein ostalaritza jarduerari lagunduko dio urteko sasoi jendetsuenetako batean”. Errenkoalde eta herriko denden laguntza eskertu du udalak, eta herritarrei berriz, erosketak Errenteria-Oreretan egiteko eskatu die, “tokiko sare ekonomikoari eta enpleguari eusten laguntzeko”.
Aurtengo kanpainak udal estrategiaren “erdigunean” kokatu duela “berriro ere” tokiko merkataritza adierazi du tokiko erakundeak eta jakinarazi, helburu horrekin, merkataritza gune nagusien argiztapenaren zati bat berritu duela; Iluminaciones Ximenez enpresak egin du instalazioa, eta 79.679,42 euroko aurrekontua bideratu du udalak horretara. Bigarren urtez jarraina, gainera, %100 kontsumo txikiko led teknologia erabili dute.
Gabonetako argiak Beraun eta Iztieta auzoetako merkataritza gunetan nabarmen indartzea erabaki duela ere jakinarazi du udalak, merkatariekin elkarlanean, “jarduera ekonomikoa bultzatzeko”. Udalak neurriarekin Beraungo eta Iztietako saltokiak dinamizatzen lagundu nahi duela esan du azkenik, eta herritarrek hurbileko erosketak egin ditzaten bultzatu.
