Agustina Otaola Zapiain hil da
Erraketista profesionala izandakoa zendu da. Aitortza ugari jasoa da kirolean egindako 26 urteko ibilbidearengatik, eta 2015az geroztik haren izena darama Errenteria-Oreretako pilotalekuak.
Agustina Oatola Julen Mendoza alkate izandakoarekin Otaola omentzeko unean 2015ean.Carrera Agustina Otaola Zapiain (Errenteria 1931- Donostia 2025) errenteriarra hil da. Erraketista profesionala izan zen Otaola eta emakumeen kirola gorenera eraman 26 urte luzez. 1931. urtean jaioa, hamabost urterekin debutatu zuen Madrilen (Espainia) Otaolak eta 41 urte bete arte aritu zen profesional gisa kirol horretan. Madril (Espainia), Bartzelona (Herrialde Katalanak) eta Habanan (Kuba) aritu zen erraketista profesional gisa.
Otaolak bizi izan zuen bilakaera profesionala oso garrantzitsua izan zen. Bi hamarkadetako jokalari nabarmenetakoa izatera iritsi zen errenteriarra. Izaera eta duintasun handiko profesionala izan zen, aurrelari jokatzen zuen, eta ateratzaile bikaintzat jo zuten. Garaiko komunikabideek behin eta berriz ematen zuten Agustinaren berri. Irura eta Anoetako Chiquitarekin batera, garai guztietako emakume erraketista handiena izendatu zuten, 1971. urtean.
2015ean herriak omendu zuen eta haren izena jarri zion Errenteria-Oreretako pilotalekuari udalak madalenen testuinguruan. Hortaz, 2015eko uztailaren 23az geroztik Agustina Otaola Raketista Profesionala izena du pilotalekuak; Otaolaren irudia ere perfilatu zuten frontoiaren horman. Elkarrizketa egin zioten omenaldi horren barruan Herri Bizian, ikusteko klik hemen (Gaztelaniaz da elkarrizketa).
Aitortza bat hori, baina ez bakarra. Ereintza Dantza Taldeak sorkuntza ederraren protagonista bilakatu zuen, bere bizi ibilbidean oinarrituta Gu Agustina dantza eta bertso ikuskizuna sortuta. 2018an estreinatu zuen ikuskizuna Errenteria-Oreretako dantza taldeak, Atlantikaldiaren barruan, Agustina Otaola erraketista profesionala oinarri hartuta, haren bidez, erraketista guztiei aitortza egiteko. Hara eta hona, Euskal Herria luze zabalean eman du ikuskizuna dantza taldeak eta Agustina Otaolarena berekin batera.
EAJk ere egin zion aitortza Madalenen testuinguruan antolatzen duen Haur Krossean. 2017an izan zen hori.
Ainhoa Palomo oiartzuarrak ere egin zuen Otaolaren gaineko erreportaje sakona Oarso aldizkarian. Hori irakurtzeko, egin klik hemen.
Herriko kirola eta Errenteria-Oreretako emakumeen historiari ekarpen itzela egin dio Otaolak.
- Agustina Otaola EAJren omenaldian, jokalari zeneko garaiko argazki batean, eta Errenteriako Udalaren omenaldi ekitaldian.



