Esku huskako pilota profesionaleko partidak, bihar Madalensoron
Artola eta Imazek osatutako bikoteak Larrazabal eta Mariezkurrena II.ren kontra jokatuko dute. Bestalde, Nazioen Ligako finalean izango da Unax Landa, Euskal Selekzioarekin.
Esku huskako pilota jaialdi profesionala antolatu dute bihar arratsalderako, Oiartzunen. Serie A Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiari dagokion partida izango da, eta Ander Imaz herritarrak jokatuko du bertan. Iñaki Artolarekin osatuko du bikotea, eta Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena izango dituzte aurkari. Lehenago, baina, Serie B txapelketako partida jokatuko da: Salaberria eta Gaskuek osatutako bikoteak Murua eta Gabirondo izango dituzte aurkari.
Oiarpek eta Oiartzungo Udalak antolatuta, jaialdia 21:00etan hasiko da. Sarrerak herriko hainbat tabernatan daude salgai. Kantxako prezioa 30 eurokoa da, eta harmailakoa, berriz, 25 eurokoa. Webgune bidez ere eros daitezke sarrera horiek.
Unax Landa, Nazioen Ligan
Bestalde, azken asteon Bilbon jokatzen ari den Nazioen Ligan parte hartzen ari da Unax Landa pilotari oiartzuarra. Euskal Selekzioa ordezkatuz, Espainiaren aurka jokatu zuen asteazkenean, eta garaipena eskuratu zuen Zubizarreta ataundarrarekin batera (10-6, 6-10, 5-3), multzo-faseari zegokion partidan. Bihar, azken orduko aldaketarik ezean, final handia jokatu du Landak, Espainiaren aurka berriro ere. Bilboko Miribilla pilotalekuan izango da, goizeko 11:00etatik aurrera.
