Haatiken 'Ots' obra, igandean, Donibanen
Dantza konpainia antxotarrak Donibaneko Juanba Berasategin taularatuko du obra, 19:00etan. Sarrerak eskuragarri daude Bibe plataforman.
Haatik dantza konpainia antxotarrak Ots obra taularatuko du igandean (hilaren 30ean) Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etatik aurrera. Haatiken proposamena Herri Gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzadatik sortu da. Zentsuragatik zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratu zituen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko asmoarekin.
Ots dantza garaikideko “lan soil bat baino gehiago” dela jakinarazi dute sustatzaileek. Jone San Martin nazioarteko dantzari eta sortzaile donostiarrak sortu du koreografia, eta oroitzapenak asetzea, harritzea, gogora ekartzea eta mugimendu hark herri kontzientzia bultzatzeko eta artea herriari hurbiltzeko izan zuen beharra transmititzea dira helburuak. San Martinentzat, gainera, euskal dantza izan da inspirazio iturria, eta diskografiko batek inspiratutako lana izanik, musikak “garrantzia berezia” hartu du. Herri Gogoaren katalogoa erabiliz, mundu horren argazkia sortu eta konposizio, soinuzko dokumental eta testigantza musikalen erreportaje bat sortu du Haatikek.
Zuzendaritzaz eta ekoizpenaz Haatikeko Aiert Beobide eta Iurre Aranburu arduratu dira; koreografia Jone San Martinek eta Haatikeko kideek osatu dute; eta obrako dantzariak Aiert Beobide bera, Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria, Itzel Vela, Jon Arsuaga, Leire Romero, Libe Sukia eta Nagore Zabala dira.
Sarrerek 11 euroko prezioa dute, eta Bibe atarian eskura daitezke.
