Hasi dira Ereñotzuko zentral hidroelektrikoan natura zaharberritzeko lanak
Hernaniko Ereñotzu auzoko zentral hidroelektriko zahar hori Errenteriaren Udalaren jabetzakoa da, eta bertako instalazio guztiak Urumea Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuaren naturgune babestuaren barruan daude.
Errenteriako Udalak zentral hidroelektriko zahar bat dauka Urumea ibaian, Hernaniko Ereñotzu auzoan. Instalazio guztiak (presa, ubidea, turbina-eraikina, hustubidea…) Urumea Ibaia (Natura 2000 Sarea) Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) naturgune babestuaren barruan daude, eta 2019ko abenduaren 18an, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak ebatzi zuen Ereñotzun Urumea ibaiko 4.000 l/s ur aprobetxatzeko eskubidea iraungitzea. Zentral hidroelektriko hori XIX. mendearen amaieratik XXI. mendearen hasierara arte egon zen lanean, eta 1974tik 1988ra bitartean ez zuen jarduerarik izan. Orain, zentrala elektrizitaterik sortu gabe hiru urte baino gehiago geldirik egon ondoren, iraungi egin da administrazio-baimena, etengabeko matxurak eta bideragarritasunari buruzko zalantzak direla eta.
Hala, uda honetan, Errenteriako Udalak Construcciones Moyua SL enpresari esleitu dio “Urumea ibaian dagoen Ereñotzuko zentral hidroelektrikoaren presa eraistea eta ubidearen ingurumena lehengoratzea” izeneko proiektua, 1.370.064,70 euroko aurrekontuarekin eta 5 hilabeteko egikaritze-epearekin. Errenteriako Udalak aurrekontuaren % 67,07 hartzen du bere gain eta Hernanikoak % 32,93.
Bestalde, Errenteriako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Hernaniko Udalarekin 2025ean, Ereñotzun egin beharreko ibai-zaharberritze horri dagokionez. Horrela, ubidearen gainean aurreikusitako obra hori Errenteriako Udalak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarekin adostutako betebehar bat gehiago izango da. Izan ere, Konfederazioaren zehaztapenak presa eraistean oinarritzen dira soilik, eta ez kanalak eragindako eremuaren ingurumena lehengoratzean. Obra horiek zuzenean hobetuko dute Ereñotzuko inguruma, hirigintza eta bertako herritarren bizi-kalitatea. Horrez gain, eta proiektu honi dagokionez, Ereñotzuko Toki Erakunde Txikiak zentral hidroelektrikoaren finka eskatu zion Errenteriako udalari. Gaur egun, zentrala erabilerarik gabe dagoenez, eta etorkizunean erabiltzeko aurreikuspenik ez dagoenez, lagapen akordio batera iritsi dira, eta horren arabera, Ereñotzuk eraikina helburu sozial eta kulturaletarako bideratuko du.
Balorazio positiboa
Yolanda Martin Errenteriako Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, obra honen bidez hesi naturalak kenduko dira, eta inguruko biodibertsitatea hobetu. Flora espezieez gain, beste animalia espezie batzuentzako aukera zabalduko da, izokina edota martin arrantzalea kasu. Ainara Atorrasagasti Hernaniko Ingurumen zinegotziak ere Urumea ibaia berreskuratzeak duen garrantzia azpimarratu du, “bai ingurumen ikuspegitik eta baita sozialki duen eraginagatik ere”.
