Teo Alberrok Pasaiako ikastetxe publikoen egoera salatu du
Alkateak gutun formal bat bidali dio Maria Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari zentroen egoera "larria" salatzeko eta 2026ko aurrekontuetan "inbertsio zehatza eta lehentasunezkoa" eskatzeko.
Teo Alberro Pasaiako alkateak gutun formal bat bidali dio Maria Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, Pasaiako bi ikastetxe publikoen, Karmengo Amaren eta Blas de Lezo LHIIren egoera “larria eta jasanezina” salatzeko, eta 2026ko aurrekontuetan “inbertsio zehatza eta lehentasunezkoa” eskatzeko.
Alberrok adierazi du bi zentroek urteak daramatzatela “egiturazko eta espazioko gabeziekin”, eta egoera horrek “zuzenean kaltetzen” dituela Pasaiako haur eta gazteek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea: “Inkongruentea da hezkuntza publikoa defendatzea eta, aldi berean, modu duinean eskaini ahal izateko beharrezkoak diren inbertsioak ez egitea”.
Karmengo Ama
Karmengo Amaren kasuan, Pasaiako Udalak bi urte baino gehiago daramatza ikastetxearekin elkarlanean. Udalak aurtengo urtarrilean egindako txosten teknikoak baieztatu zuen eraikina handitu eta solairu berria gehitzeko aukera “bideragarria” dela, araudi urbanistikoaren barruan. Handitze horrekin, ikastetxeak egun duen “saturazioa arinduko” litzatekeela eta ikasgela gisa erabiltzen ari diren kontainerrak kendu ahal izango liratekeela baietsi du udalak.
Horretarako, baina, Hezkuntza Sailak berehala Antolamendu Plan Berezia eta eraikuntza proiektua idaztea “ezinbestekoa” dela jakinarazi du udal erakundeak. Alberrok gogorarazi du Karmengo Amak 2015ean jaso zuela DBH irakasteko baimena. Baimen horri esker, Pasaiak Bigarren Hezkuntzako eskaintza publikoa duela goratu du alkateak. “Pozik gaude”, esan du. Hala ere, zentroaren gaur egungo baldintzak jarduera “duintasunez” garatzeko “egokiak ez direla” adierazi du Alberrok, ez ikasleentzat ezta irakasleentzat ere.
Blas de Lezo LHII
Blas de Lezo LHIIren egoera ere “larria” dela baietsi du alkateak. Udal hautetsiak gogorarazi du 2010ean zentroaren zati bat eraitsi behar izan zela, Velascoko etxebizitzak eraikitzean izandako lur jausi baten ondorioz. Ordutik, instalazioak gero handiagoa den ikasle kopuruari erantzuteko “nahikoak ez direla” zehaztu du Alberrok. Kontuan hartuta Blas de Lezo nautikako lanbide heziketan “erreferente” dela, “ezin du prestakuntza hori behar bezala eskaini espazio faltagatik”.
Udalak onartutako eta Jaurlaritzari bidalitako Plan Bereziak berritze osoaren oinarriak jasotzen dituela jakinarazi du udal erakundeak, “baina oraindik ez da exekuziorako konpromiso zehatzik hartu”.
Udalaren eskaerak
Egoera larriaren aurrean, Pasaiako Udalak hiru eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari:
- 2026ko aurrekontu proiektuan Karmendo Ama IPI eta Blas de Lezo LHII berritzeko eta handitzeko behar diren inbertsioak txertatzea.
- Bi zentroak Hezkuntza Eraiki 2030 azpiegitura planean lehentasunez jasotzea.
- Obrak abiatzeko aukera emango duen egikaritze egutegi zehatza lehenbailehen ezartzea.
Alberrok zehaztu du Pasaia Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errenta txikienetakoa duen udalerria dela, eta horregatik hezkuntza publikoak “lehentasun estrategikoa” izan behar duela aukera berdintasuna bermatzeko: “Pasaiako hezkuntza komunitate osoak eta herritarrek partekatzen duten bidezko erreklamazioa da hau, eta espero dugu Hezkuntza Sailak dagokion erantzukizuna beregain hartzea”.
