Dantzatzen ospatu dute Euskararen Eguna Trintxerpen
Dantza poteoa egin dute goizean, hainbat karriketatik eta plazetatik. Ondoren, denak batera elkartu dira, paella jateko.
Ospatzekoa da Euskararen Eguna, eta hortan dabiltza Trintxerpen. Euskararen Eguna atzo eta gaur ospatu dute. Atzo etxeko txikien eguna izan zen, eta gaur, protagonismoa izan duten arren, helduek hartu dute lekukoa. Elkartu, kantatu eta noski, jan eta edan. Hori izan da gaurko plana.
Eguerditik, 4DBHko ikasleek postu bat jarri dute Serafin Eraso plazan, ikas bidairako dirua biltzeko. Denetarik saldu dute. Eskulanak, zozketak, tortilla pintxoak… Haurrentzako margoketa jolasak ere egin dituzte, Euskarare Eguneko kartelari txikiek egindako eskulanak gehitzeko. 13:30ean, erabilitako mahaiak bizkarrean hartu, eta Gudarien plazako karpara eraman dituzte. Bertan egin dute bazkaria.
Baina bazkaldu baino lehen, poteoa. Dantza poteoa egin dute. Euskadi etorbidean hasi, eta tabernaz taberna Serafin X plazara hurbildu dira. Topaleku bakoitzean, altabozari musika jarri, eta euskal dantzak dantzatu dituzte. “Oso polita da hau. Jende dexente bildu gara. Polita da amak eta alabak dantzatzen ikustea, eta baita ere aitonak eta bilobak, besteak beste”, adierazi du dantza poteoko kide batek. Gudarien plazan bukatu dute poteoa.
Janaria prest
Bitartean, Gudarien plazan, 13:00etatik paella usaina nabaritu da. Janari usaina zegoen bitartean, hainbat ikaslek mahaiak jarri dituzte, eta ondoren hasierako platerak prestatzen jarri dira. Denek jarri dute haien aletxoa.
Azkenen, 14:30ean bazkariaz gozatzeko denbora izan dute. Gero, musika izango da bertan, eta jarritako barra inauguratuko dute.
Hona hemen HITZAk eguerdian ateratako argazkiak:
