Euskararen inguruan bazkaltzera elkartu dira, AEKren ekimenez
Babarrun jana egin dute Merkatuzarren, baina lehenago, ekitaldi "xume" batean, Euskararen Eguna eta 24. Korrika jorratu dituzte.
Korrika aurkeztu dute gaur Oreretan. AEKren ekimenez, babarrun jana eta barrikotea egin dituzte Merkatuzarren. Euskararen inguruan bildu dira ehun bat lagun, badago eta ospatzeko zergatia. Gertu dago Euskaren Eguna, baina baita ere 24. Korrika. Bazkaldu baino lehen, hori dena jorratzeko, ekitaldi bat egin dute Merkatuzarren bertan, atzo Oarsoarren Sariak banatzerakoan Gurutz Oiartzabalek egindako grafitia eta Korrikaren lekukoa atzean zutela.
Idoia Arbelaitz AEK-ko kideak azaldu du “ekitaldi xumea” egin dutela, baina nabarmendu beharrekoa nabarmendu dutela. “Asteazkenean dugu euskararen eguna, eta hori bera izan dugu gaurko ekitaldiaren hizpide”, esan du Arbelaitzek. Hainbateko ekitaldiak izango dira herrian asteazkenean, baina AEK-k bere alea jarri izan nahi du.
Baina Euskararen eguna ez ezik, Korrika ere gaurko protagonista handia izan da. “Duela 45 urte, garai hartan ero batzuk bezala ulertzen ziren pertsona multzo batek sortu zuen Korrika Oñatin. Orain, asko eraldatu da, eta euskal kulturaren ezinbesteko egitasmoan bilakatu”, azaldu du Arbelaitzek. Aurtengo Korrikaren aurkezpena egin dute. Martxoaren 19an hasiko da Korrika, Atharratzen (Xiberoa), eta Bilbon amaituko da.
Ekitaldiaren ondoren, bertso bat kantatu dute denon artean. Hala dio bertsoak:
Babarrun jana heldu da
berriro Oreretara
Euskara ta jai giroa
uztartzeko eguna da
Hurrengo Korrika ere
ate joka dugu jada
Eman diezaiogun gaur
merezi duen bultzada
Beti piztu ohi digunez
indarra eta zirrara
Hona ekarri nahi dugu
deiadar horren dardara
Aurtengo leloak dio:
gu denok euskara gara
baina soilik eramaten
badugu ezpainetara
Azkenik janaren eta edanaren txanda izan da. Barrikotea ireki, eta sagardoaz gozatu dute bertaratutakoek. Isertzerakoan, menu ederra topatu dute: txorizoa, babarrunak, postrea… ez dira gosez geratuko. Janarekin eta edanarekin aski disfrutatu dute euskararen inguruan bildutakoek. Arratsaldean, kontzertua emango du Yogurinha Borovak, baina lehenago ez da faltako bingo musikatua.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:
