Oarsoarrak sariak malko eta txaloen artean banatu dituzte
Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa. Sarituek hitza hartu zuten, eta eskerrak eman zizkieten antolakuntzari zein haien herriei.
Oarsoarrak Sariak banatu zituzten atzo. Arkaitza taberna (Errenteria), Biok (Oiartzun) eramateko janari denda eta Gure Txoko (Oiartzun) jatetxea saritu zituzten. Euskara festa bat izan zen atzokoa. Aitortzak, musika, dantza, antzerkia… denetarik izan zen Merkatuzarren. Euskararen eta euskaldunen arnasgunea izan da Arkaitza azkeneko 48 urteetan, baina badira ere gogoz eta indarrez euskara haien etxeetara sartzen dutenak. Horien adibide dira Biok eta Gure Txoko, atzerritik etorritako jendeak eramanda, euskarazko zerbitzua eskaintzen dutenak. Beraz, euskaldun zaharren eta euskaldun berrien festa izan zen atzokoa.
Ekitaldia irekitzeko, La Basu euskal raperoak kontzertu txiki bat eman zuen, erakutsiz rapa edota hip hopa ere euskaraz egin daitekeela. Musikaz gain, antzerkia ere izan zen. Orratx! antzerki taldeak antzezlan umoretsu bat egin zuen, saritutako tabernak protagonista moduan jarriz. Horrez gain, Gurutz Oiartzabal grafitigile antxotarrak euskararen aldeko grafiti bat egin zuen sarituek hitz egiten zuten bitartean. Iñaki Labakak eta Arrate Arozenak ere haien musika eskaini zuten. Kulturaz beteriko arratsaldea izan zen.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak hitza hartu zuen: “Sari hauen helburu nagusia aitortza da. Izan ere, euskaraz bizitzeko haututa hartzen dugunok, badakigu ez dela erraza euskararen zirrikitua eta euskaraz aritzeko pertsonak aurkitzea”. Horrez gain, alkateak gehitu zuen garrantzitsua dela beste komertzioek saritutakoen bidea jarraitzea, “euskarazko espazioak lortzea ezinbestekoa baita”.
Emozioz beteak
Poztasunez jaso du Arkaitza tabernak saria. “Herriko jendeak bultzatu du Arkaitza, haiengatik gaude hemen. Espazio aske bat izaten saiatu izan gara beti, denentzako irekia”, adierazi zuen Jone Arruti Peña tabernariak. Emozionatzeko denbora ere izan zuen Arrutik, baina bertaratutako guztien txalo artean aurrera jarraitu zuen. 48 urte egin ditu aurten Arkaitzak, eta hasieratik maitatuak sentitu izan dira herrian. “Herri honi eskerrak eman dizkiogu, hasieratik hor egon delako, gu babesten”, esan zuen Arrutik, eta errenteriarrei eskatu zien Arkaitza haien espazio aske moduan sentitzen jarraitzeko, hala jarraitu nahi du eta.
Biok-en izenean Pablo Mirandak jaso zuen saria. “Gu kanpokoak gara, nire emaztea mexikarra, eta ni galiziarra, eta horrelako sari bat jasotzea sekulakoa da guretzat”, azaldu zuen Mirandak. Ohore handia sentitzen dutela adierazi zuen sukaldariak, sari ikaragarria baita hau haientzat. 20 urte daramatza Mirandak Euskal Herrian, eta euskara ikasteko hautua izan zuen. Orain, bere emaztearekin batera, euskaltegian jarduten dute, eta adierazi dute sari hau irabazteak indar gehiago eman dizkiela haien ikasketa prozesuarekin jarraitzeko. “Antolakuntzari eskerrak ematea tokatzen zait, eta bereziki Ttur Ttur elkarteari, euskararen alde egiten duten lanagatik”.
Gure Txoko tabernako Camelia Liliana Raduk ere eskerrak emateko aprobetxatu zuen bere momentua. 20 urte daramatza Raduk Oiartzunen, eta betidanik izan du euskara ikasteko grina. “Duela hiru urte hasi nintzen euskaltegian, eta oraindik ez dut ongi hitz egiten, baina ulertzen dut”, esan zuen Raduk sari banaketan. Tabernako egunerokoa erabiltzen du Raduk euskara praktikatzeko, bertara doazen pertsonekin.
Hona hemen atzo HITZAk ateratako argazkiak:
