Gasteizera deitu du pentsiodunen mugimenduak
Eitb Maratoiarekin kritiko azaldu da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "zahartze osasungarrirako dirua bilduko du aurten, eta Eusko Jaurlaritzako erakunde bati eman".
Duintasunaren protesta, gaurkoa.Duintasuna Negu gorriari ere aurre egin diote pentsiodunek. Hotza gorabehera, kalera atera dira Duintasunak deituta pentsiodunak enegarrenez, bizi baldintza duinak exijitzeko. Haserre egin dute gainera, Eusko Jaurlaritzak 2026ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioak osatzea baztertu ondotik, zahartze osasungarria izango delako EITB Maratoiaren helburua aurten, eta horri begira egingo duelako diru bilketa. Ez du eskaerak pentsiodunen ezinegona sortu, diru bilketaren hartzaileak baizik. Izan ere, jasotako diru guztia Eusko Jaurlaritzaren erakunde batek jasoko duelako: Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa (BIOEF), “Osasun Sailak Euskadiko osasun sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatzeko sortu duen tresna”.
Iseka da pentsiodunen usterako, “osasun sistema publikoa garatu eta hobetzeko zergak ordaintzeaz gain, orain gobernuak txapela pasatzen du Gabonetako datak aprobetxatuz, herritarrek finantza ditzaten gobernuaren aurrekontuekin ordaindu beharko liratekeen programak, eta hartzaileen parte hartzearekin ebaluatu beharko liratekeenak”. Zahartze osasungarrirako ezinbesteko baldintza bizitza duinerako bitarteko nahikoak izatearekin lotuta dagoen zalantzarik ez da, eta horri jarri dio fokua Duintasunak gaurko protestan, “HELaren onuradunak diren 90.000 adineko pentsiodunek, batez ere emakumeek, gero eta arazo gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko, osasun integrala, elikadura osasuntsua, etxebizitza erosoa, eta mendekotasuna artatzeko ezinbesteko zerbitzuak eskuratzeko. Inork pentsa al dezake baldintza horietan zahartze osasungarria egin daitekeenik? arazo horiei aurre egingo al zaie aurtengo EITB Maratoiarekin?”.
EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salaketa kanpainarekin jarraituko duela iragarri du gaurko mobilizazioan, gutxieneko pentsioaren osagarria onar dezaten. Hori horrela, hilaren 18an Gasteizen deitu duten manifestaziora batzeko deia zabaldu du. 11:00etan abiatuko da Bilbao plazatik, “hori izango da gure errebindikazio maratoia”.
