Aurrekontu "ausartak" bultzatzeko aukera galdu dela uste du EAJk
Hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio gobernu taldearen aurrekontu proposamenari EAJk; horiek ez dituztelako onartu "atsekabe sakona" adierazi dute jeltzaleek.
EAJko bozeramalea eta zinegotziak.EAJ Errenteria-Oreretak baditu datorren urterako aurrekontuak. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenak egin zuen aurrera atzoko udalbatzaren osoko bilkuran, eta horrenbestez, 73 milioi euroko diru zatia izango du udalak datorren urtean “proiektu estrategikoak” garatzeko.
Proposamen horri hainbat zuzenketa aurkeztu zizkion EAJk; zehazki, hamalau, bost arlotan. Proposamen horiek aurrekontutik kanpo gelditu dira eta horren harira kezka azaldu dute jeltzaleek. Haien esanetan, aurrekontu “ausartak” bultzatzeko aukera galdu da, “EH Bilduren akordiorako borondate faltagatik”. Proposatutako zuzenketen helburuaz ere mintzo dira jeltzaleak: “EH Bilduk aurkeztutako hasierako aurrekontu proiektuaren anbizio falta zuzentzea eta 2026ko kontuak benetako eraldaketarako tresna bihurtzea zuten helburu”.
Atzoko plenoak onartutako aurrekontua, gobernu taldeak aurkeztua da, EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak alderdiek, hain justu.
Akordioa lortzeko “gaitasun eza” egotzi dio EAJk gobernu taldeari, eta “atsekabe sakona” adierazi horregatik, “akordio horiek beharrezkoak ziren udalerriarentzat, eraldaketa eta herritarren benetako beharrei erantzuteko egokitutako aurrekontuak bermatzeko”. Aurkeztutako zuzenketak mugikortasuna, zahartze aktiboa, etxebizitza, hiri mantenua eta trantsizio energetikoaren arlotan aurkeztu zituzten jeltzaleek, eta aipamena egin die halaber alderdiko bozeramaile Elixabete Muruak aurtengo ekitaldiko bete gabeko konpromisoei, “lotura zutelako horiekin zuzenketek”.
Akordioari “uko” egiteak “kezkatzeko” joera berresten du Muruaren aburuz: “Errenteriak denbora darama norabiderik gabe, atzerapen eta ez betetzeetan kateatuta, eta gobernu taldea errealitate hori titular hutsen eta marketin politikoaren bidez estaltzen saiatzen ari da”. Lidergo, ekimen eta kudeaketarako gaitasun falta egotzi dizkio EH Bilduri Muruak, “adostasunak eraikitzeko eta benetako konponbideen alde egiteko ezintasunean islatzen da hori”.
Bukatzeko, konpromisoa berretsi du EAJk “aukeraz betetako, zerbitzu duinez hornitutako eta etorkizunerako norabide argia” duen udalerria eraikitzeko lanean jarraitzeko: ” Determinazioz lan egiten jarraituko dugu bete gabe dauden konpromisoak fiskalizatzen, hobekuntza berriak proposatzen, eta Errenteria geldialditik atera eta etorkizun dinamiko eta zaindua duen udalerri eredurantz aurrera egin dezan motor gisa jokatzen”.
