San Andres Bertso paper lehiaketako txapela jantzi du Legorburuk
Harrera familia batekin dagoen nerabe baten gorabehera eta pentsakizunak eraman ditu Iñigo Legorburuk saria ekarri dion bertso sortara.
Legorburu txapela eskuan Eibarko Eta Kitto! Euskara elkarteak antolatzen duen San Andres bertso paper lehiaketako txapela jantzi du Iñigo Legorburu Arregi errenteriarrak. 300 euroko diru saria ere jaso du, lehiaketa irabazita. Familia harrerakoia bertso sortak ekarri dio saria, Baneza eta banitu doinuan idatziak, harrera familia batekin den nerabearen gorabehera eta pentsakizunak bildu ditu bertara. Gaia ez omen zuela oso argi aitortu du errenteriarrak: “Baina datu batek arreta eman zidan. Adin batetik gora, familia biologikoa edo harrera familiaren arteko hautua egin behar izaten dute haietako askok. Krudela iruditu zitzaidan, eta egoerak suposa dezakeenaren gainean hausnartzen hasi nintzen adingabe baten ikuspegitik”.
Ez da lehiaketa irabazten duen lehen aldia, hainbatetan sailkatu da lehenengo eta bigarren Eibarko horretan.
Helduen mailan hamar lan aurkeztu zituzten lehiaketara, eta bigarren saria Eibarko Aimar Goenagak eraman zuen Errauts artean bizirik bertso sortarekin.
Ostiralean egin zuten sari banaketa, eta ondoren bertso saioa, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Joanes Illarregik Eibarko Coliseo antzokian.
