Bihar piztuko dituzte Gabonetako argiak
Udalaren eta Laurak Baten asmoa da Pasaiako saltokien ingurunea eta ikusgarritasuna hobetzea. Horretarako, argi berriak jarri ditu udalak.
Pasaiako Udalak eta Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak udan sinatutako lankidetza hitzarmena urratsak egiten ari da. Hitzarmen horren helburua da merkataritza sektorearen eta udalaren arteko harremanak indartzea, Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko iniziatibak sortuz.
Aurtengo ildoetako bat udalerriko “saltokien ingurunea eta ikusgarritasuna hobetzea” zirela jakinarazi du udalak. Hori dela eta, Gabonetako argi berriak jarri dira: “Gabonetan herriko kaleek giro berezia hartzen dute; barrutiak elkartu eta dinamizatzeko aukera ematen dute. Garai garrantzitsua da hau tokiko merkatarientzat, eta horregatik, hain zuzen, Pasaiako espazio publikoak aktibatzeko eta herriko merkataritza txikia babesteko, inbertsioa egin dugu aurten Gabonetako argi berriak ipiniz”, adierazi du Mikel Garcia Peñil Merkataritza arloaren zinegotziak.
Bide horretan, Pasaiako Gabonetako argiak bihar (hilaren 5ean) piztuko dituzte, 17:35ean. Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidenteak eskerrak eman dizkio udalari argi berriak erosteagatik: “Herria argiztatuta egotea eta bizilagunak Pasaian kontsumitzen jarraitzea nahi dugu. Zuzendaritza batzordeko Eider Mohedano eta Ana Etxabe maiatzetik aritu dira proiektu hau prestatzen, udal teknikariekin batera. Pasaiako gune estrategikoetan argiak jarri dira, eta helburua da datozen urteetan gune eta kale ezberdinetan argien kopurua handitzen jarraitzea”.
Pantaila informatiboak
Laurak Batekin elkarlanean, udalak bi informazio pantaila jarri zituen iazko urte bukaeran: Antxon eta Trintxerpen. Horiei beste bi gehitu zaizkie asken asteetan: Donibanen eta Trintxerpen. Pantaila horiek udalaren abisuak, albisteak, azken orduko jakinarazpenak eta ekitaldien agenda iragartzen dituzte. Laurak Baten promozioak eta albisteak ere bertan argitaratzen dira.
“Euskarri dinamiko hauen bidez, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea sustatzeaz gain, herritarrekin komunikatzeko bide berri bat ere inplementatu dugu lau barrutietan”, baietsi du Mikel Garcia Peñilek.
