Eragileen eta elkartegintzaren mapa osatuko du udalak
Datozen hilabeteetan abiatuko duen iniziatiba herritarrei aurkeztuko die udalak hilaren 11n Trintxerpeko alkateordetzan, 18:30ean.
Eragileek, elkarteek eta herritar sareek udalerriei “ekarpen ezinbestekoa” egiten diotela adierazi du Pasaiako Udalak. Horiek, gainera, askotarikoak dira: kirola, berdintasuna, kultura, gastronomia edota euskalgintza. Horiekin elkarlanean aritzeko, Pasaiako eragileen eta elkartegintzaren mapa osatuko du udalak, eta datozen hilabeteetan abiatuko duen iniziatiba herritarrei aurkeztuko die hilaren 11n Trintxerpeko alkateordetzan, 18:30ean. Saio horrek bi zati izango dituela aurreratu du udalak:
- Pasaiako eragile eta elkartegintzaren mapa egitasmoaren aurkezpena.
- Gipuzkoako Elkarteen Foroak sortu duen Elkartiri izeneko film laburraren proiekzioa.
Udalak adierazi du “harreman iraunkorra eta askotarikoa” duela herriko elkarteekin, udal sailetatik garatutako elkarlanaren bidez. Era berean, herritarrek eta udaleko gainerako sailek “elkartegintzaren inguruko informazio, harreman eta ezagutza gutxi” dutela baietsi du udal erakundeak. Hori dela eta, lehen urrats bezala, Pasaiako eragileen eta elkartegintzaren mapa osatuko du udalak, bi helbururekin:
- Herriaren errealitatearen argazki ahalik eta osoena osatzea.
- Elkartegintza ikusarazi eta horren balioa bermatzea.
Honela azaldu du proiektua Laura Ré Parte hartze zinegotziak: “Pasaia ez litzateke dena izango bere elkarte eta eragilerik gabe. Mapa hau ez da zerrenda hutsa izango: gure herriaren energia soziala, konpromisoa eta elkarlanerako gaitasuna aitortzeko eta indartzeko tresna kolektiboa izango da. Mapa hau oinarri izango da etorkizunean elkarlan sare sendoagoa, parte hartze egituratuagoa eta proiektu partekatuak bultzatzeko”.
Elkartiri film laburra
Gipuzkoako Herritarren Partaidetza Zuzendaritzak eta Gipuzkoako lurraldeko herritarren parte hartzea sustatzen duten elkarteek Elkarteen Foroa sortu zuten 2020an. Foro horrek Elkartiri film laburra sortu du, eta hilaren 11ko saioan aurkeztuko du.
Elkarteen Foroak, “ikuspegi ausart eta apur bat probokatzailearekin”, gogoeta piztu nahi duela adierazi du udalak: “Zer gertatuko litzateke gure herrietan elkartegintza eta sare komunitarioa desagertuko balira? Zein izango lirateke gabezia horrek gure bizikidetzan, kultur dinamikan eta kohesio sozialean izango lituzkeen ondorioak?”.
