Fanderiako estalki berriaren egokitasuna aztertzen ari dira
Errenteriako Udalari zigorra eta isuna jarri dizkiola URA agentziak adierazi du PSE-EEk prentsa ohar bidez Costasen araudia urratzeagatik; espedientea zabaldu bai, baina etenda dago, eta zigorrik ez da, momentuz behintzat, Costasen erantzunaren zain.
Fanderiako igerilekua. Udal kiroldegiaren estalkia berriztatzeko lanak itsas lehorreko zortasun eremuan dauden ala ez argitu beharko du Costasek, Espainiako Kosta eta Itsaso Zuzendaritza Orokorrak. Espedienteari hasiera eman zion URA agentziak , eta Errenteriako Udalak, berriz, helegitea jarri zion. URA agentziak berak azaldu dio HITZAri Costasen erantzunaren zain direla eta bi egoera posible direla erantzun horren arabera: “Estalkia berriztatzeko lanak zortasun eremu horren barruan baleude, zehapen txostena berrabiarazi beharko litzateke; zortasun eremuan ez baleude, zaintza eremuan lirateke lan horiek. Orduan, zehapen txostena ezdeustuko litzateke, eta azken eremu horretan araudiak halako jarduera bat legeztatzeko bideak aztertu beharko lirateke”.
Fanderiako kiroldegiko estalki berriaren lanen harira udala zigortu zutela adierazi zuen Errenteriako PSE-EEk komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez. Alderdi sozialistak “kezka” azaldu eta Fanderiako estalkiak Costaseko araudia urratzen zuela adierazi zuen. Espedienteari hasiera eman dio URA agentziak uste duelako araudi hori urratu egin dela estalki berriaren lanak egiteko garaian. Ustea bai, baina baieztapena oraindik orain ez dutela azaldu dute, Costasek esan beharko duela hori eta bere erantzuna jakin arte itxoin beharko dela hortaz.
Alderdi sozialistak harago jo zuen ohar horretan, eta esan zuen 37.500 euroko zigorra, eta lanak egin aurreko egoerara, hau da leheneratzera zigortu zuela udala agentziak. Ez da horrela baina, zehapen txostena geldiarazi dutelako Costasek zehaztu arte non hasi eta bukatzen diren zortasun eremua eta zaintza eremua, eta ez dagoelako beraz, momentuz zigorrik, “Costasek zehazten badu itsas lehorreko zortasun eremua dela, orduan zehapen txosten horrek aurrera egingo luke, eta zaintza eremu gisa hartuko balu, ezdeustuko litzateke txostena. Zein eremuri dagokion lana da gakoa, finean. Guk uste dugu zortasun eremuan dela, eta horregatik abiatu genuen espedientea, baina Costasek zehaztuko du”.
Zortasun eremua murriztaileagoa da, zorrotzagoa, eta zaintza eremuak, berriz, ibaiaren ardatzetik ehun metrora ezker eskuin dagoen espazioa hartzen du.
Gaur gaurkoz ezin dutela ezer gehiago esan azaldu dute URAtik, Costasen erantzunaren zain direlako, eta horrek ekarriko duelako batera edo bestera egitea. Espedientea izan bada, etenda une honetan Costasen erantzunaren esperoan, baina zigorrik, momentuz behintzat, ez.
