"Gaur hemen egon ezin duten pertsonei ahotsa ematen jarraitu behar dugu"
Kolonbiako erbesteratuen topaleku bihurtu da gaur Errenteria-Orereta. Jorge Adolfo Freytter Romero elkarteak antolatu du topaketa.
Kolonbiako erbesteratuen topaketa Errenteria-Oreretan. Kolonbiako erbesteratuen topaleku bihurtu da gaur Errenteria-Orereta. Jorge Adolfo Freytter Romero elkarteak antolatu du topaketa, Errenteriako Udala, Eusko Jaurlaritza, Bachue Errefuxiatutako Latinoamerikar Kolektiboa, Kolonbiak Bilbon duen kontsuletxea, eta Gaztaño auzoak babestuta, eta egun osoko egitaraua ondu dute. Lehen hitzordua udaletxeko areto nagusian izan dute, han egin diete jardunaldiko ordezkariei harrera instituzionala Aizpea Otaegi alkateak, eta EH Bildu, Errenteria Elkarrekin, PSE-EE eta PPko ordezkari banak.
Ongietorria egin die Otaegik guztiei. Andres Diaz Leal Kolonbiako kontsula EAEn, bertaratu diren kolonbiar erbesteratuei, zein Freytter elkarteari, “eskertzen dizuegu guztiei egin duzuen esfortzua gaur hemen egon eta zuen bizipenak, borrokak eta proiektuak gurekin partekatzeko. Testigantzak entzutera bildu gara gaur, baina ez soilik horretara, baita justizia, egia eta duintasuna bilatzeko bizi osoen ibilbidea aitortzeko ere. Gaur hemen direnek, euren lurra, etxea eta euren historiaren zati bat atzean uztera derrigortuak izan dira; hala ere, oinazea, antolakuntza, memoria bizi eta giza eskubideen aldeko lan nekaezin bilakatzen asmatu dute”.
Otaegirekin batera Lida Ortiz, exiliatua, bakerako akordioaren sinatzaile eta Ven Seremos kolektiboaren kidea; Claudia Alvarez, exiliatua eta Orion operazioaren biktima; Andres Diaz Leal Kolonbiako kontsula EAEn, eta Silvia Lopez Rodriguez antropologo soziala eta Freytter elkarteko kidea. Errenteriako Udalarentzat giza eskubideen defentsa ez dela keinu sinbolikoa esan du alkateak, konpromiso irmoa baizik, “memoria erreparaziorako tresna, egia bakearen oinarri, eta justizia ez errepikatzeko berme diren zalantzarik ez dugu. Hori horrela, Freytter elkartearen lanari aitortza egin nahi diogu, baita bertan den kolektibo bakoitzak bai Euskal Herrian, nazioartean, zein Kolonbian bertan egiten duen lana. Erbestea ez dela borondatezko hautua gogorarazten digu euren presentziak hemen, gaur, gatazkaren, jazarpen politikoaren, biolentziaren eta isilaraztearen ondorio dela”.
Nabarmen jarri du halaber udal agintariak, bakea nazioartetik, modu partekatuan eraiki beharra dagoela, “horrek entzutea, akonpainamendua eta instituzio, erakunde eta komunitateen elkarlana eskatzen duela”. Hori horrela, Errenteriako Udalak ateak zabalik dituela exiliatutako pertsonen memoria historikoa eta biktimen eskubideen aldeko lana ikusarazteko gaineratu du, “humanitateagatik harago gizarte justuago, inklusiboago eta demokratikoagoak helburu dituen apustu politikoagatik ere”.
Giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik eskerrak eman dizkio Errenteriako Udalari Freytter elkarteko ordezkariak, eta azaldu du elkartea 2012. urtean sortu zutela Euskal Herrian indarkeria politikoaren jarraipena salatzeko premia agerian utziz, “EHUko irakasleen eta euskal sare sozial solidarioen bultzadarekin giza eskubideen defentsarekin eta justizia sozialean oinarritutako bakea eraikitzearekin konprometitutako subjektu politiko gisa eratzen joan zen elkartea”.
Jorge Adolfo Freytter Romero bahitu, torturatu eta 2001ean Kolonbiako estatuko egiturek eta paramilitarrek eraildako irakaslearen auzia ikusarazteko beharretik sortu zutela elkartea gaineratu du Lopezek, “gure lana fronte askotara zabaldu da, biktimei babesa ematea, paramilitarismoa aztertzea, unibertsitate publikoetan pentsamendu kritikoa defendatzea, nazioarteko eragina eta Kolonbiako erbesteratuei Europan laguntzea”. Hainbat ikerketa eta lan burutu ditu elkarteak, halaber, eta horietako bi aipatu ditu ordezkariak, La Bodega, pertsonak galdekatu, torturatu eta desagerrarazteko erabiltzen zuten espazioa; Desterrada, jazarpen politikoagatik, genero indarkeriagatik eta komunitatearen aldeko lana egiteagatik mehatxatuta izan eta gaur egun erbestean dauden emakume liderren ibilbideak dokumentatzen dituena.
Jatorrizko herrialdean jasandako biolentziak ez dira erbesteratutakoan mugan bukatzen nabarmen jarri duenez, eraldatu egiten direla gaineratu du: “Kolonbiatik kanporatu zituen indarkeria harrera prozesu luze eta zalantzazkoa bihurtzen da hemen, enplegu prekarioekin, etxebizitza lortzeko zailtasunekin, eguneroko arrazismoarekin, eta bereziki emakume askorentzat eta genero disidenteentzat indarkeria matxista eta sexistekin…”.
Erbestea kanporatzetik harago agentzia dela, antolakuntza eta erresistentzia ere badela adierazi du, bestalde, eta indarra jarri du ideia horretan, zailtasunak zailtasun erbestea militantzia kanpotik berrantolatzeko aukera dela sinistuta azaldu baita, “bizitzari eta komunitateari eusteko aukera da, eta deserriaren esperientzia salaketarako, sormen politikorako eta gizarte aldaketarako motor bihurtzeko aukera”.
Gaurko jardunaldiaren helburua ideia bakarrera bildu du, “espazio kolektibo bat eraikitzea, erbesteak bere burua entzun dezan, bere eskaerak eta ikuspegia partekatu ditzan, eta bake prozesuan eta bere eskubideen defentsan aktore politiko gisa betetzen duen rola senti dezan”
Bizirik jarraitzeko ihesi
Ortizek hartu du hitza, ondoren. Kolonbiak bizi duen egoera “dramatikoa” zein euren historia kontatzeko aukera dela jardunaldia esan du lehenik, eta bere bizipenen gainean mintzatu ondoren. FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea-Herriaren Armadako kide izan zen gazte zenetik, sinatzaileetako bat izan zen, “bakearen alde eta politika modu berrien alde lanean hasi nintzen, eta horrek estigmatizaziora eraman ninduen kritikoa izateagatik, sortutako alderdiaren irizpideekin itsu itsuan ez aritzeagatik eta uneoro oinarriekin aritzeagatik. Hori disidentzia taldeetara heldu zen Estado Mayor Central FARCera zehazki, eta helburu militar gisa jarri ninduten. Egoera horretan bizi izan nintzen denbora luzean Kolonbian ihesi nire seme txikia eta bikotearekin, jasangaitza izan zen arte. Kolonbiatik atera nintzen. Erabaki dramatikoa, gogorra izan zen. Gaur egun erbesteratu politikoa naiz, aitortua”.
Emakumea eta erbesteratua ere Claudia Alvarez, Orion operazioaren biktima. Ejerzitoaren, poliziaren eta Alvaro Uriberen gobernuaren operazioa izan zen Medellingo 13. komunan. Egun, oraindik ere 500 gorpu daude hobiratuta Escombrera izeneko eremu batean. La Bodegaren antzeko espazioa dela zehaztu du Alvarezek: “Bahitu, eta bortxatu egin ninduen talde paramilitar batek. Sei urte aurretik lekualdatzea tokatu zitzaidan familiarekin ahizpa bat erail zidatelako jada antzeko egoeran, Bloke Metro talde paramilitarrak. Ekintzailea izan naiz beti, bizitza eta giza eskubideak babestearen alde izan naiz beti, eta hori Kolonbian biziarekin ordainarazten digute. Guk gaur hemen egoteko zortea dugu, errealitate hau erakusten; zaila izan da, muga delako iristea, erresistentzian jarraitu nahi dugu baino batzuetan indarrak xahututa ditugu, zaila dugu antolatzen, baina borrokan jarraitu behar dugu, lanean”.
Gaurko jardunaldiak garrantzi bizia du Alvarezentzat, “garrantzitsua da entzutea, ikusaraztea defendatzaile guztiek pasa duguna. Batzuk aitortu gaituzte politikoki, beste asko ez, eta zoritxarrez Kolonbiak jarraitu behar du ateratzen oraindik orain arazoa dagoelako. Gerrak ekarpena egiten dio narkotrafikoari eta horregatik ez dago borondate politikorik bakean bizitzeko”.
Argia dela euren apustua esan du, “bake prozesuaren alde jarraitzea dagokigu, ikusaraztea, gertutik jarraitzea. Kolonbia 50 urte luzez barne gerra izan dela uste du jendeak, baina ez da horrela, gu mugak pasatzen joan gara, eta gurekin batera pasa da gerra, eta guk borrokan jarraitzen dugu, erresistentziarekin sinisten dugu eta antolatuta gehiagora iritsiko garela argi dugu. Gaur hemen egon ezin duten pertsonei ahotsa ematen jarraitu behar dugu”.
Jardunaldia bukatzeko, hitzaldia antolatu dute 18:30etik 20:00etara Reina aretoan. Kolonbiako bake agenda testuinguruan jarriko dute Francisco Javier Toloza Fuentes Kolonbiako Nazio Unibertsitateko irakasle, eta Kolonbiako bake prozesuaren gainean adituak, Mireya Perea Bache elkarteko kideak, eta Lida Ortiz, erbestean diren bakearen aldeko sinatzaile taldekoak.
Harrera instituzionalari alkateak jarri dio ginga, desio batekin, “albisterik onena zuen herrira itzultzeko aukera izatea litzateke, ahalik eta lasterren gertatzea desio dut”.
