Gipuzkoako kostaldeko itsas hondakinak elkarlanean jaso dituzte
Materrek koordinatzen duen Itsas Zaintza Sarearen baitan, zortzi itsas hondakin bilketa egin ziren iragan larunbatean. 140 pertsonak hartu zuten parte, eta 215 kilogramo hondakin bildu zituzten.
Iragan larunbatean, azaroaren 29an, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako Itsas Zaintza Sareak hirugarren ekintza bateratua gauzatu zuen, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan. Orotara, zortzi itsas hondakin bilketa egin ziren Gipuzkoako sei udalerritan: Pasaian, Hondarribian, Donostian, Zarautzen, Zumaian eta Deban. Itsas Zaintza Sarea osatzen duten 50 eragileentzat larunbateko jardunaldia “arrakastatsua” izan zela adierazi du Materrek: 140 pertsonak hartu zuten parte Gipuzkoako kostaldearen zaintzan.
Zortzi itsas hondakin bilketak aldi berean egin ziren, 11:00etatik aurrera. Parte hartzaileek, orotara, 215 kilogramo hondakin bildu zituzten. Horiek jaso ondoren, karakterizazioa egin zuten, bildutako objektu bakoitza bereizi eta kontabilizatzeko. Horrela, jasotako hondakin kopurua banan-banan zenbatu eta xede edukiontzien arabera bereizi zuten, eta kiloez ez ezik, eremu bakoitzean ugariagoak diren hondakin tipologiak identifikatu zituzten.
Larunbatean 6.708 objektu eta hondakin zati jaso zituzten. Horietatik, plastikozko pieza degradatu eta zatikatuak nabarmendu ditu Materrek, nagusiki poliespana eta kortxo zuria. Hondakin horiek tamaina ezberdinetakoak ziren, eta, bereziki, Zarautzen, Zumaian eta Deban identifikatu zituzten. Plastiko pieza horiek, gainera, mikro eta nano plastiko bilakatzeko bidean zeudela baietsi du Materrek: “Laster ikusezin bihurtuko dira begi hutsez, baina ingurumen eta osasun publikoko arazo handi bat suposatzen dute; izan ere, elikagaien trofikoan sartzen dira, baina baita uraren zikloan ere, arnasten dugun airean nahiz hartzen dugun edozein edaritan presente egonda”.
Itsas Zaintza Sarea 50 eragile baino gehiagoren elkargunea da, eta horien konpromisoa eskertu du Materrek; bereziki larunbateko hondakin bilketetan egon zirenena: Eskuene, Mundaiz Ikastetxea, Kairoscore, Donostia Kayak, Pasaia Kayak, Buceo Donostia, BRAI, Real Sociedad Urpekoak, Recicla Birziklatu, Hondarribiko Klub Nautikoa, HS2 eta Mater. Udalen eta mankomunitateen inplikazioa ere balioan jarri du Materrek. “Askotariko eragilez osatutako komunitatea, helburu partekatu baten aurrean indarrak batzea eraginkorrena dela erakusten duena”.
Aldi bereko hondakin bilketak Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan egin ziren; halere, Itsas Zaintza Sareak adierazi du urtean zehar itsasoen egoera jasotzen eta partekatzen jarraituko dutela, itsasoaren garrantzia eta zaintza gizarteko estamentu guztietara eramateko: “Itsasoa ez da zabortegia, bizi iturria da, eta zaindu eta errespetatu egin behar dugu etorkizun osasungarria ziurtatzeko”.

