100 egun greba mugagabean
Pasaiako etxez etxeko langileak berriz ere kalera atera dira gaur, hitzarmen duin eske. Sei hilabeteko borrokaldia bete dute; irailaren 1etik greba mugagabean dira.
Langileak, gaurko mobilizazioan.Etxez etxeko langileak Pasaiako etxez etxeko langileek sei hilabeteko borrokaldia daramate, eta gaur (osteguna) zehazki, greba mugagabean 100 egun bete dituzte. Manifestazioa egin dute Trintxerpe eta San Pedro artean. “Soldata duin bat eskatzen dugu. Gutxieneko lanaldia eskatzen dugu. Enpleguaren egonkortzea eskatzen dugu”; horiek emakumez osatutako lantaldearen eskaera nagusienak. Baldintzen hobetze horiek hitzarmenaren negoziaziotik aterako direla adierazi dute.
Pasaiako Udalak ematen duen zerbitzua da etxez etxekoa. Laguntza behar duten herritarren etxeetara joaten dira, laguntza behar duten horiek artatzera. Matia Goxara enpresari dio azpikontratatua zerbitzua udalak. “Horregatik, udalari eskatzen diogu zaintza erdigunean jartzeko apustua egin dezala. Eta zaintzarekin negozioa egin nahi duen enpresari [Matia Goxarari] garbi eskatzen diogu gure lan baldintzak hobetu dituen hitzarmena eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituen eredua”.
Pasaiako Udala mahaiaren gainean langileen baldintzak hobetzeko ahaleginean dabil, diru partida bat bideratu du gaia desblokeatu ahal izateko. “Hori ez da nahikoa”, uste dute langileek: “Bere hornitzaileari eskatu behar dio zerbitzua emango dugun langileok lan baldintza duinak izan ditzagula, kontratu prekariorik gabe”.
