Argazki emanaldia eta ipar martxa ibilaldia antolatu ditu Urdaburuk
Igeldotik Urgulera egingo dute ipar martxa ibilaldia, hilaren 13an.
Erakusketako argazkietako batKike Eizmendi Argazki emanaldia eta ipar martxa ibilaldia antolatu ditu Urdaburu Mendizale elkarteak hilaren 11n eta 13an, hurrenez hurren. Lehenengo hitzordua elkartearen egoitzan bertan izango dute Urdaburuko bazkide den Kike Eizmendik AEB Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko parke naturalak agerian jarriko ditu emanaldi horretan.
Argazki emanaldiaz gain, ohi bezala, erakusketa jarriko dute gai beraren bueltan Eizmendiren argazkiekin elkartearen egoitzan. Hilaren 11n ostegunarekin izango da emanaldia, 19:30ean hasita. Erakusketa berriz, astearte eta ostegunetan ikusi ahalko da, 19:00etan hasi eta 21:00ak arte.
Ipar Martxa Ibilaldia berriz hilaren 13an, larunbatarekin, antolatu du Urdaburuk. Iztietako autobus geltokian elkartuko dira 08:55ean, E02 autobusa hartu. Donostian batu nahi direnek, aukera izango dute 09:30ean Bulebarreko 16. autobus geltokian, Igeldora joaten denaren geralekuan. Azken aukera bat ere jarri dute, nahiago dutenek Igeldoko autobusaren azken geltokian bat egiteko martxarekin, 10:00etan, kanpingaren ondoko biribilgunean.
Ibilaldia Igeldotik Urgulera egingo dute, denera 12,6 kilometrokoa izango da eta ez da erabat laua izango. Igeldoko kanpingetik abiatuko dira eta Igeldo pasata bidezidor batetik barrena, Pakeara helduko dira. Unibertsitateak, Ondarreta eta Kontxa hondartzak zeharkatuta, Urgulera igoko dira. Jaitsiera berriz, San Telmo aldetik egingo dute.
Ipar martxarako ezinbestekoa da ura, kiroletako zapatilak eta ipar martxako makilak eramatea.
Parte hartzeko, gainera, izena eman beharko da Urdabururen egoitzan, idazkaritzan aurrez aurre edo telefonoz 943 52 78 79 telefono zenbkira deituta astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara. Online ere eman daiteke izena galdetegia beteta (klik hemen).
