Arte martzialek Pasaia hartuko dute asteburuan
Bihar eta etzi, arte martzialen inguruko erakustaldi bat egingo da Donibaneko kirolgunean. Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira.
Arte martzialek Pasaia hartuko dute asteburuan, modalitate horien inguruko erakustaldi bat egingo baita bihar eta etzi (larunbatean eta igandean) Donibaneko kirolgunean. Giwakempo Gipuzkoak antolatu du topaketa, Pasaiako Udalaren laguntzarekin, eta helburua da arte martzialak praktikatzen dituzten pertsonen arteko loturak sendotzea eta estutzea.
Asteburuko topaketa irekia da, eta sustatzaileek jakinarazi dute Kempo modalitatearen jardunean sakontzeko aukera izango dutela bertaratzen direnek. Saioak maila guztiei begirakoak izango dira, eta honakoak landuko dituztela adierazi dute:
- Teknikoki eta espiritualki hobetzea.
- Hainbat modalitatetako Kenshisekin entrenatzea eta partekatzea.
- Gure komunitatearen barruan loturak sendotzea.
Parte hartzeko galdetegi bat argitaratu dute antolatzaileek. Bertan, parte hartzaileen izen-abizenak, kluba edo duten maila zehaztu beharko dira. Horrez gain, zein egunetan joango diren esan behar da: bietan, soilik larunbatean edo soilik igandean. Azkenik, otorduetara apuntatzeko aukera ere izango da: larunbateko bazkaria eta afaria eta igandeko bazkaria.
