Clara Rangel plazaren ondotik, Mari Zozaia pasealekua
Errenteria-Oreretak urratsa egin du, beste bat, josten ari den Errenteria-Oreretako emakumeen aurkako indarkeria matxisten memoria historikoan emakume izen bat gehiago jarri duelako, Mari Zozaia.
Aizpea Otaegi alkatea Mari Zozaia pasealekuaren inaugurazio ekitaldian Ezinbestekoa da memoria, ezinbestekoa izenak eta abizenak jartzea, ezinbestekoa kontatzea… kontatzen ez dena, ez baita. Errenteria-Oreretak urratsa egin du, beste bat, josten ari den Errenteria-Oreretako emakumeen aurkako indarkeria matxisten memoria historikoan emakume izen bat gehiago jarri duelako, Mari Zozaia, eta pasealeku bat zentzuz, eta memoriaz jantzi, sorgin ehizaren, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren basakeria pairatu zuen emakumeari duintasuna eta erreparazioa eman diolako.
Ekitaldi ederra prestatu du Emakumeen Etxeko talde batek. Mari Zozaia eta garaian sorgin ehizan hil zituzten emakumeak irudikatu dituzte eta Zozaiari gertatutakoa antzeztu eta abestu gaurtik haren izena daraman pasealekuan. Haien ondotik Berdintasun Kontseiluko bi kidek hartu dute hitza. Pasealekua inauguratzeko baia, baina hortik haragoko arrazoiek eraman dituztela Mari Zozaia pasealekuan egindako ekitaldira azaldu dute: “Hemen gaude gaur, duintasuna eta erreparazioa emateko duela lau mende gure herrian bizi izan zen herrikide bati. Emakume hura torturatu eta hiltzera kondenatu zuten garai hartako agintariek, emakumeen aurkako zapalkuntza eta zigor lazgarriak nagusi ziren testuinguru sozial batean”. Gaurkoan, gizateriaren historiako atal jakin bati izena jarri diotela esan dute, halaber, “ezin ankerragoa izan baitzen emakumeentzat”.
Gaurko ekitaldia salaketarako baliatu dute gainera, emakumeak oraindik ere, emakume izate hutsagatik hiltzen dituen menderatze sistema beraren biktima direla.
Mari Zozaia gogora ekartzea ez dela batere erraza ere aitortu dute, ezin dutela haren bizitzaren kontakizuna egin, ezta haren izena berreraiki ere, baina haren figura osatu eta gizatiartu ahal dutela esan dute: “Nahi dugu pasealeku honetatik pasatzen den pertsona orok jakitea Mari Zozaia existitu zela, Errenteriako parte izan zela, eta haren bizitzak, beste emakume askorenak bezalaxe, merezi duela begirunez, maitasunez, eta egiaz gogora dezagun”.
Kale izendapenak hiri paisaia aldatzen duela baieztatu dute, gainera, eta memoriarako, aitortzarako eta duintasunerako espazioak sortzen dituela, “pasealekuaren izendapena beste alde batera ez begiratzeko konpromisoaren gogorarazle ere izango da, udalerri askeagoa, berdinzaleagoa eta justuagoa ehuntzen jarraitzeko konpromisoa. Eskerrik asko isiltasuna apurtu zuten emakume guztiei, eskerrik asko Errenteria ulertzegatik, ez ahazteko”.
Aizpea Otaegi alkateak hartu du hitza ondoren, pasealekuari Mari Zozaia izena jartzea memoria ariketa dela esateko, “baita erreparazio ariketa ere. ahanztura zen lekuan memoria jarri dugu; duintasuna jartzen ari gara injustizia baino ez zen lekuan”. III berdintasun planari erreferentzia ondoren Otaegik; berdintasunean oinarritutako herri bat eraikitzeko garrantzitsuak diren ildo estrategikoak zehaztuta daudela, eta bide horretan ezinbestekoa dela indarkeria matxistarik gabeko bizimoduak eraikitzea, “horretarako garrantzitsua da memoria, eta horretan zentratu da gure azken bi urteetako jarduna”. Puntu horretan aipamena Clara Rangel plazari, “gure udalerriarentzat eta mugimendu feministarentzat erreferentziazko espazio bati jarri zitzaion bere izena iaz; gaur urrats bat gehiago egin eta Mari Zozaia izena eta bere memoria berreskuratzen dugu pasealekua hau izendatuta”. Bi izen, bi bizi, bi historia, “biak emakumeak, memoria feminista beraren parte, dagoeneko kolektiboa den memoria baten parte”.
Izendapenak garrantzitsuak direla bermatzeko memoria, justizia eta erreparazioa gaineratu du udal agintariak, eta ez direla plaka bat jartzea besterik gabe. Bi mezu argi eman nahi dituztela azaldu du: “Bat da herri honek ez dituela ahazten emakumeen kontrako indarkeriak, eta ez dituela ahazten indarkeria pairatu duten emakumeak; bestea, konpromiso sendo bat erakusten dugula, e3gunerokoan indarkeria matxistaren kontra borrokan jarraitzeko”
Memoria lantzeari ezinbestekoa iritsi dio Otaegik, ez iraganari begira gelditzeko etorkizun bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko baizik, “eskerrak bihotzez ekitaldira hurbildu zareten guztiei, baita ekitaldia posible egin duzuenei ere, elkarlanaren emaitza delako hau, zuen lanik gabe ez litzateke posible izango. Zorionak gure herriaren historia pixka bat justuagoa, bidezkoagoa egin dugulako, eta denon artean urrats honekin ere herri askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dugulako”.
Gerturatu diren herritarren txalo artean bukatu dute ekitaldia; bertan izan dira ere, Zozaiaren gaineko liburua idatzi zuen Xabier Susperregirekin batera Mari Zozaiaren ondorengoetako batzuk, aitortzarengatik eta erreparazioarengatik, pozik.
Clara Rangelen ondotik, Mari Zozaia heldu da orain. Izan daitezela bi izen eta bi izan horiek, gogoa astintzeko lanabes, indarkeria matxistarik gabeko udalerrirako bidean.
