EH Bilduri negoziaziorako borondate eza egotzi dio PSE-EEk
Errenteriarren beharretatik "urrun" dagoela onartutako aurrekontua dio alderdi sozialistak eta salatu du gobernu taldeak ez duela elkarrizketarako borondaterik.
Isaac Palencia eta Almudena de La Torre PSE-EEko zinegotziak artxiboko irudi batean Ez dago pozik PSE-EE asteartean plenoak onartutako aurrekontuarekin. Herritarren beharrei ez diela erantzuten aurrekontu horrek esan du, eta gainera, negoziazio eta elkarrizketarako borondate eza egotzi dizkio gobernu taldeari, “alderdi sozialistarekin bildu ere ez da egin aurkeztu genituen proposamenak eztabaidatzeko”.
Aurkeztutako zuzenketak, auzoak, tokiko ekonomia, eta gizarte kohesioa hobetzera begirakoak izan direla gaineratu dute sozialistek. “Hiri berroneratzearekin lotuta Urdaburu plaza berritzea, Jaizkibel eta Galtzaraborda arteko igogailua, Pio Baroja eraikina berritzea, Beraungo aparkalekuan bigarren solairua eraikitzea, aita Donosti eta Maurice Ravel kaleak hobetzea, Fuentepelayo plazan esku hartzea, eta Sorgintxuloko dorretako terraza eta etxabeak berritzea proposatu dugu”, azaldu dute.
Garapen ekonomikoarekin lotuta, berriz, Beraun, Galtzaraborda eta Iztietarako merkataritza plan zehatza proposatu zuela, baita merkataritza eta ostalaritza laguntzeko plataforma digital bat sortzea ere. Horretaz aparte, jubilatuen klubetarako laguntzak indartzea, Gurutze Gorriari eematen zaion diru laguntza handitzea, auzoetako jaiak gehiago indartzea, Madalenetako kultur eskaintza hobetzea, Errenteriako eraztun berdea sustatzea edota bizikleten udal alokairu zerbitzua abiatzea ere proposatu zituela jarri du nabarmen.
Onartutako aurrekontua “kontinuista” eta udalerriaren erronketatik “deskonektatua” dagoela uste dute sozialistek: “Aurreko agintaldietatik datozen proiektuak barnebildu ditu, eta aurten egiteko konprometituta zeuden beste batzuk Fini Rubio, Beraungo igerilekuen handitzea, kultur egonaldietarako erresidentzia, edo hiri autobusaren elektrifikazioa azaldu ere ez dira egiten bertan”.
Galtzarabordako haur eskola
Aurrekontuez aritu da alderdi sozialista, baian ez horretaz bakarrik. Galtzarabordako haur eskolaren proiektua ere jarri du jomugan. Haren esanetan, hutsik gelditu da zerbitzu berri horren lizitazioa, “aukera dago beraz, gauzak ondo egiteko, entzuteko, planifikatzeko eta eraikitzeko Errenteriako familiek dituzten beharretara moldatuko den haur eskola”. Hori horrela parte hartze prozesu “gardena” zabaltzea proposatu du, “ekarpenak jaso eta proiektua hobetzeko”.
