Hilaren 12an irekiko da 12 CM erakusketa
12 CM erakusketaren 30. ekitaldia San Pedroko Udal Aretoan egongo da ikusgai, hilaren 12tik 2026ko urtarrilaren 18ra bitartean.
Hemen da 12 CM erakusketaren 30. ekitaldia. Aurtengoa San Pedroko Udal Aretoan egongo da ikusgai, hilaren 12tik (ostiralarekin) 2026ko urtarrilaren 18ra bitartean, eta formatu txikiko artelanak bisitatu ahal izango dira. Aurtengo ekitaldian 280 artistak baino gehiagok eman dute izena. Antolatzaileen esanetan, “aniztasuna” izan da jasotako lanen ezaugarri nagusiena, arte diziplina askotako lanak jaso baitira: pintura, eskultura, argazkigintza, serigrafia, bideoa edota teknika mistoak.
Aurtengo erakusketa iragartzeko kartelean duela 30 urte erakusketa sortzen lagundu zuten artistetako batzuk sartu dituztela adierazi du udalak: Ricardo Iriarte eta Carlos Inda donostiarrak.
Aurrez aipatu bezala, 12 CM erakusketa San Pedroko Udal Aretoan egongo da ikusgai, hilaren 12tik 2026ko urtarrilaren 18ra bitartean. Aurkezpena udal aretoan bertan izango da, 19:00etan. Erakusketa asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da. Hilaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.
Erakusketa, gainera, ez da hor geratuko, Pasaiatik Hendaiara eta Arguedasera egingo baitu jauzi. 2026ko otsailaren 7tik 23ra bitartean Hendaian izango da, eta martxoaren 28tik apirilaren 12ra, Arguedasen.
