Jesusen Bihotza egoitzako senideek, babesa adierazi diete greban diren langileei
Langileek dituzten baldintza prekarioek eragina dutela euren senideen zaintzan adierazi dute. 174 gutun eraman dituzte Eulen Sociosanitario antegiuak Donostian dituen egoitzara, baina atea itxi eta gutunak jasotzeari uko egin diola salatu dute.
Eulen Sociosanitario enpresak Donostian duen egoitzaren aurrean egindako protesta.ELA Aurten berritzekoa zuten hitzarmena negoziatu, eta erresidentziako langileen lan baldintzak duintzea eskatzeko protesta egiten ari dira Jesusen Bihotza zaharren egoitzako ELAko langileak. Zehazki greban dira, eta protesta hori, hilaren 19ra arte mantenduko dutela iragarri zuten pasa den hilabete bukaeran; ekainaz geroztik azarora arte beste hamabi greba egun eginak dituzte langile horiek hitzarmena berritzea eskatu eta lan baldintza duinak galdegiteko.
Borrokan diren langileek Jesusen Bihotza erresidentziako egoiliarren senideen babesa jaso dute orain. 174 gutun sinatu eta Eulen Sociosanitario enpresak Donostian duen egoitzara eraman dituzte bertan entregatzeko. Atea itxi eta gutun sinatuak jasotzeari uko egin diola enpresak salatu dute senideek, ordea: Eulen Sociosanitarioren jarrera salatu nahi dugu, gure senideak babesteko dugun eskubidea ukatu digulako”.
Lan prekarioaren gainean jarri dute halaber fokua, izan ere, lan profesional horiek lan zama handiak eta ratio eskasak dituztela salatu dute, “horrek zuzenean eragiten baitiei gure senideek jasotzen duten arretaren kalitatean. Uste dugu Eulen enpresak erantzukizun zuzena duela egoera horretan eta horregatik, lan baldintza duin eta bidezkoak bermatzea beharrezko neurriak har ditzan eskatzen dugu”.
Bide horretan gainera, egoitza berean lanean diren Kabiako langileek dituzten baldintzekin parekatzeko eskatu dute senideek, neurria “ezinbestekotzat” jota. Sinistuta azaldu dira, euren senideek jasotzen duten arretaren kalitatea, haiek zaintzen dituzten profesionalek dituzten lan baldintzekin estu-estu lotuta daudela, “hori horrela baldintza egokietan lan egiteko baldintzak bermatu, baliabide nahikoak ziurtatzea, eta merezi duten aitortza egitea eskatzen dugu”.
Itxaropentsu azaldu dira, esan dutenez “konfiantza” dutelako Eulen enpresaren zuzendaritzak senideen eskaerak aintzat hartuko dituela, “eta egoera hau konpontzeko ardura eta premiaz jokatuko dutela”.
