Beasaingo Loinatz abesbatza arituko da Madalenaren ermitan, larunbatean
Maria Madalenaren Lagunak Kultur elkarteak antolatu du emanaldia; 20:00etan hasiko da.
Loinatz Abesbatza ariko da ermitan, larunbatean. Beasaingo Loinatz abesbatzak emanaldia egingo du datorren larunbatean, hilak 13, Madalenaren ermitan. Maria Madalenaren Lagunak Kultur Elkarteak antolatu du emanaldi hori, ermitarekin berarekin eta musikarekin duen konpromisoaren erakusle. Loinaz abesbatza du oinarrian Loinatzek; 1939an sortu zuen Loinaz Pedro Jose Iguan maisuak Beasainen. Arrakasta handiak lortu zituen taldeak, baita musikari entzutetsuekin kolaboratu ere, horien artean, Javier Bello Portu edo Pablo Sorozabal. 1971n bukatu zuen bere ibilbidea abesbatza horrek.
Abesbatza, baina, berpiztu egin zen 1986 Xabier Sarasolaren eskutik, eta kontzertu ugari eskaini zituen abesbatzak hurrengo 25 urteetan euskal kantutegi aberatsa ezagutzera emateko.
Kontzertu mordoa soinean, hainbat diskoren grabazioan ere hartu du parte taldeak, baita hainbat lehiaketetan parte hartu eta sari ugari irabazi ere.
Antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte herritarrak, musikaz gozatzera.
