Allerru Lagun, herriko futbol elkartea laguntzeko
Allerru Kirol Elkarteak Allerru Lagun kanpainari ekin dio. Helburua da herriko futbol taldea laguntzeko prest daudenen herritar sarea osatzea
Allerru Kirol Elkarteak Allerru Lagun kanpainari ekin dio. Helburua da herriko futbol taldea laguntzeko prest daudenen herritar sarea osatzea, urteko 25 euroko kuota izango duen abonatu figura bidez. “Klubak 60 urte baino gehiago daramatza lanean gazteek topagune bat izan dezaten, eta hainbat balio transmititzeaz gain, jarduera fisikoa egiteko lekua ere bada”, azaldu dute taldetik. Hala, klubari bultzada emateko kanpaina da Allerru Lagun.
Kanpainarekin bat egiteko bi modu daude. Lehena Internet bidezkoa da, sareko formulario baten bidez bete daitezkeelako Allerru Lagun izateko datuak. Taldekideek prest dituzten esku-orrien bidez ere izan daitezke lezoarrak eta hala nahi dutenak klubaren babesle. 25 euroko kuotaren ordainketa formulario horren bidez helbideratuta, edo esku dirutan egin daiteke.
Allerru Lagun direnek hainbat onura izango dituzte eurentzat. Hasteko eta behin, Plazetako partidaren bat ikusteagatik ordaindu behar bada doako sarrera izango dute. Gainera, kirol elkartearen funtzionamenduari buruzko ekarpenak ere egin ahal izango dituzte. Bestalde, hilero taldeak egingo duen zozketetako partaide izango dira Allerru Lagunak; otorduak, taldearen kirol materiala, Reala ikusteko sarrerak, jaki-sortak eta bestelakoak irabazi ahal izango dituzte zozketa bidez
Onuren artean ere, kanpaina bereziak. Horietan Allerru laguntzen duten herriko komertzio eta establezimenduetan deskontuak baliatu ahal izango dituzte Allerru Lagunek; taldearen kirol materiala erosteko ere prezio bereziak izango dituzte.
