Lezoko San Tomas jaia, igandean
Karlos Saldise plazak jasoko du neguko solstizioaren festa. Herriko baserrietako produktuak ez dira faltako.
Iazko festako artxiboko irudia. Neguan ederki sartzeko eta Eguberri aroa abiatzeko tenorea iristear da. Lezon hala egingo dute igandean (hilaren 14an), San Tomas Egunaren harirako festa egingo delako Karlos Saldise plazan. 10:00etatik izango dira zabalik bertako postuak, eta aldi berean txistulariek ordu horretan herritik kalebuelta egingo dute lezoarrei ohartarazteko azoka zabalik dela. Postuen artean Lezoko baserrietan ekoitzitako produktuak izango dira.
12:00etan, kantaldia egingo dute Pasaia-Lezo Lizeoko eta Lezo Herri Eskolako ikasleek. Goizaren unerik gorenetakoa izango da hori. Gainera, izango da zer jan eta edan, horretarako guneetan auzolanean izango direlako lezoarrak.
