Dori Ruizek irabazi du udal egutegien argazki lehiaketa
1968ko Lezoko desfileko irudiarekin irabazi du egutegirako lehiaketa Ruizek. Hilaren 19an hasiko da udala egutegien banaketarekin.
Doru Ruiz (erdian), Aitzol Saizar Kultura zinegotzia eta Mikel Arruti alkatea ezker-eskuin dituela, irudi irabazlearekin.Lezoko Udala 1968ko Santakrutz Festetako desfilea izango da 2026ko Lezoko Udalaren egutegien azal. Dori Ruizek aurkeztu zuen irudi hori udalak udal egutegiak osatzeko antolatutako argazki lehiaketara, eta hura izango da herriko sukalde eta mahaietan jarriko diren egutegien ikur. Izan ere, gai zehatza zuen aurtengo argazki lehiaketak: 1979tik atzerako herriko festen irudiekin osatu nahi ziren 2026ko paretako eta mahaiko egutegiak. Bada epaimahaiak erabaki du Ruizena izan dela irudi aproposena. Azalaren arduradunaren aintzatespena izateaz gainera, 200 euroko saria eraman du etxera lezoarrak.
Atzo eman zioten saria Ruizi. Pozarren zen lezoarra. Mikel Arruti alkateak zehaztu du 2026ko egutegien iruditegia osatzeko gaia aurreko urteetakoa baino “itxiagoa” izan dela, baina gai hori oso erakargarria suertatu dela aldi berean: “Atzera begira jarri eta herriak betidanik izan duen jai giroa, eta Lezon euskal kultura beti oinarri izan dela adierazi nahi genuen”. 50 bat argazki jaso dira lehiaketara; Ruizena azala izango da, eta beste hamabik hilabete bakoitzeko egunen zerrenda lagunduko dute. Hilaren 15etik aurrera izango dira ikusgai horiek Lezoko Udalaren webgunean. Aitzol Saizar Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei: “Argazki zaharren artean bilaketa egin eta oroitzapen horiek lezoar guztiei eskaintzea oso keinu polita izan da”.
Hilaren 19tik aurrera hasiko dira banatzen Lezoko Udalaren 2026ko bi egutegiak, paretakoa (1.500 ale inprimatuko dituzte) eta mahaikoa (400 aleko tirada egingo dute). Udal bulegoetan eskuratu ahal izango dira, astegunetan, 08:30etik 13:30ak arte.
