McDonalds-en konplizitatea arbuiatzeko elkarretaratzea
Hilaren 16an izango da protesta, asteartearekin, Niessen merkatalgunearen aurrealdean, 19:30ean.
Orereta PAlestinarekin Herri dinamiukak aurretik deitutako elkarretaratze baten irudia. Mc Donald´s Boikot. Ez hemen ez inon lelopean elkarretaratzera deitu du Orereta Palestinarekin Herri Dinamikak. Hilaren 16an izango da protesta, asteartearekin, Niessen merkatalgunearen aurrealdean, 19:30ean.
Mezua zabaldu zuen herri dinamika horrek hilabete hasieran sare sozialen bidez eta oharra helarazi komunikabideetara genozidioa “elikatzen” duen McDonald’s-en sosik ez uzteko, ez bertan kontsumitzeko. Adierazpen hori kate ezagunak Niessen merkatalgunean saltokia zabaldu bezperetan egin zuen dinamikak. Adierazi zutenez, hilaren 22an zabalduko ditu ateak establezimendu berriak udalerrian.
McDonald’s-en “moral bikoitza” azalarazi zuen herri dinamikak. Izan ere, oso modu ezberdinean jokatu baitu Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkaren eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurrean: Ukrainia eta Errusiaren gatazkaren harira 2022ko maiatzean Errusiatik ateratzeko erabakia hartu zuen, establezimendu guztiak itxiz”. Palestinaren kasuan oso bestelako jarrera izan duela salatu zuen, ordea, “multinazional horrek Israelen duen frankiziak Israelgo armadako militarrei doan ematen die janaria 2023ko urriaz geroztik”.
“Zerbitzu” hori emateko bost jatetxe berri zabaldu dituela kateak eta bertaratzen diren uniformaturiko soldadu denei %50eko deskontua eskaintzen diela azaldu du Orereta Palestinarekin herri dinamikak. Hori horrela, McDonaldsi egotzi dio Palestinako herriaren kontrako genozidioa gauzatzeko elikatzea.
Mundu mailan korporazio estatubatuarraren kontrako boikot kanpaina indartsua da indarrean erregimen sionistaren konplize izatea egotzita. Udalerrian establezimendu berri bat zabalduko duela-eta herri dinamikatik herritarrak informatzea ezinbestekoa jo dutela adierazi dute, eta eskatu erantzukizunez bertan ez kontsumitzeko.
Astearteko elkarretaratzearen bidez, ez direla ongietorriak esan nahi die herri dinamikak, eta herritar guztiak deitu ditu bat egitera, eta bertan ez kontsumitzera.
