Molinao erreka lehengoratzea eskatu du Eguzkik
Eguzkik Linaputzuetako (Molinao) errekaren erribera lehengoratzeko eskaera egin dio Pasaiako Udalari. Eguzkik asteartean egin zuen eskaera, eta solairu bakarreko eraikin bat eraistean datza.
Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak Linaputzuetako (Molinao) errekaren erribera lehengoratzeko eskaera egin dio Pasaiako Udalari. Eguzkik asteartean (hilaren 9an) egin zuen eskaera, eta solairu bakarreko eraikin bat eraistean datzala jakinarazi du. “Eraikin hori ustez biltegi gisa erabiltzen da, eta errekaren ertzean dago”, adierazi du talde ekologistak.
Eraikin hori altxa zenean gaur egun ibaiak eta erreken ertzak babesten dituen legedia indarreak egongo ez zela ondorioztatu du Eguzkik. Lege horren ondorioz, eremu batzuetan erriberan lehengoratzen ari direla zehaztu du talde ekologistak. Pasaian, adibidez, Luzuriaga enpresa zegoen lurretan aldaketa sakona egin dela gogorarazi du Eguzkik, “eta horri esker, tarte horretan errekaren ertza berreskuratu da aipatu dugun eraikinera arte”.
Eguzkik, gainera, 2024an Europako Batzordeak onartutako Natura Leheneratzeko Araudian jarri du arreta. Lege horrek mota guztietako ekosistemak ingurumenaren aldetik birgaitzea agintzen duela jakinarazi du talde ekologistak, ibaiak eta padurak barne.
Eguzkik eskera “ahalik eta azkarren” betetzea nahi du: “Alde batetik, uste dugu eraikin horretan ematen den erabilera (ematen bada) beste eraikin batera eramateko arazorik ez dagoela. Bestetik, legediarekin bat etorriz, eremu sentikor horiek ingurumenaren aldetik berreskuratzeko beharra dago, Molinao errekan azken urteotan gauzatu diren natura lehengoratzeko lanekin jarraituz”. Eraikina eraisteaz gain, Molinao errekan eta bere ertzetan natura lehengoratzeko proiektu bat idaztea eta onartzea eskatu dutela aurreratu du Eguzkik.
