Gaur eta bihar artean banatuko ditu aldundiak 2026ko egutegiak Oarsoaldean
Gaur (osteguna) arratsaldean Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan banatuko ditu. Bihar goizean, Lezon eta Pasaian.
Irune Berasaluze foru bozeramailea, eta Joseba Txintxurreta (Oñati) aldundiaren egutegiaren azalaren egilea. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur (hilak 11, osteguna) eta bihar artean banatuko ditu 2026ko egutegiak (behean hitzordu zehatzak). Gipuzkoako herri denetan ari da foru erakundea egutegia banatzen, beraz, Oarsoaldeko herrien txanda ere iritsi dela jakinarazi du foru erakundeak. Egutegia osatzeko argazki lehiaketa egin zuen Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin elkarlanean, eta osotara 1.073 irudi bidali zituzten gipuzkoarrek: horietatik hamahiru izan ziren hautatuak, bat azalerako eta beste hamabiak hilabete guztien osagarri izateko. Horien artean ez da Oarsoaldeko biztanleen irudirik. Ekin. Zaindu. Bizi leloari jarraiki bidalitako argazkiak izan ziren lehiaketara aurkeztu zirenak.
Egutegiaren irudiarekin Gipuzkoari “begirada zabala” emango zaiola adierazi du Irune Berasaluze foru bozeramaileak: “Egutegi hau irudi bilduma bat baino askoz gehiago da: Gipuzkoari buruzko kontakizun partekatu bat da, bertako jendeak egina”.
Jarraian, egutegiak non eta noiz banatuko diren:
Gaur (hilak 11, osteguna)
- Oiartzun: 16:00etatik 17:00etara Done Eztebe plazan.
- Errenteria-Orereta: 17:30etik 19:00etara Gamon Zumardian.
Bihar (hilak 12, ostirala)
- Lezo: 10:00etatik 11:00etara Goiko plazan.
- Pasaia: 11:30etik 12:30era Trintxerpeko Gudarien plazan.
