Elkartasuna eta Mindara, biak bat
Elkartasun Azoka antolatu du Mindara elkarteak Koldo Mitxelenako jolastokian. Arratsaldean ere izango da zabalik.
Azokaren sarrerakoa da irudia. Koldo Mitxelena ikastetxearen zabalgune estalia elkartasun gune da gaur (larunbata). Mindara elkarteak, aniztasun funtzionala duten pertsonei arreta emateko Gipuzkoako elkarteak, Elkartasun Azoka ezarri du bertan. Goizetik dabiltza elkarteko boluntarioak eta azokarekin bat egin duten eragileak elkartasunez betetzen herriaren zati hori; arratsaldean ere bisita daitezke bertako postuak, 19:30ak arte izango baita zabalik Mindararen zazpigarren Elkartasun Azoka. Stand horiez gain, hainbat jarduera osagarri ere badira han.
Bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak eta ipuinak prezio sinbolikoan izango dira salgai azokaren barruan; bildutako guztia elkartearen jardunerako bideratuko da. Elkartasun gunea izateaz gain, topagunea ere dela azoka adierazi dute antolatzaileek, “boluntarioak, herritarrak, eta kolaboratzaileak batu dira, eta lehen eskutik ezagutuko dute elkarteak egiten duen lana”. Elkartasun zozketak ere ari dira egiten egunean zehar.
Jarraian, eguerdiko giroaren hainbat irudi.
