Herrian erosi, eta bizikleta bidez eroso jaso
Eguberrietan banaketa zerbitzu berezia izango du Laurak Batek: Bicicargo. Edozein barrutitako dendetan erosketak egin, eta aukeratzen den gunean utziko dituzte.
Laurak Bateko kide diren dendetan erosketak egin, eta erosketa hori eroso etxe ondoan jaso. Nola? Bizikleta baten laguntzarekin. Hau da: San Pedron liburu sorta bat erosi, eta Antxorako bidea zama horrekin egin beharrean, bizikleta bidez bizilekuaren alboan jaso. Edo Donibanen arropa elegantea erosi, eta Trintxerperako bidea poltsa askorekin egin beharrean, beste batek etxe ondora eramatea. Bada beste hori Bicicargo zerbitzua da. Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteak hilaren 15etik (astelehenetik) 2026ko urtarrilaren 6ra arte Bicicargo zerbitzua eskainiko die lau barrutietako Laurak Baten barruko establezimenduetan kontsumitu, eta erositako hori etxe ondoan eroso jaso nahi dutenentzat. Nola ez, autoa erabili gabe.
«Egitasmoaren helburu nagusia argia da: Eguberrietako erosketak Pasaian geldi daitezela», esan du Laurak Batek: «Herriko komertzioaren alde apustu egitea da egunero-egunero tokiko ekonomia bizirik mantentzen duten horiek babestea, horien nortasunari eutsiz eta ematen duten zerbitzua aitortuz». Elkarteak badaki zaila dela herritarrek lau barrutietako establezimenduetan kontsumitzea, baina ahalegin bizian da herriari bizia, ekonomia garapena eta lanpostuak ematen dizkion sektoreari duen garrantzia emateko lanean.
Ahalegin hori, baina, ez du hutsetik egiten: Pasaian askotariko komertzio, ostalaritza gune eta zerbitzu aukera dago. Kalitatezkoa eta prezioetan lehiakorra. Hala, Bicicargorekin ahalegin horri beste forma bat eman nahi dio Eguberrietan Laurak batek, herritarrei erraztuz barruti ezberdinetan erosketak egitea. «Berrikuntzak eta tradizioak badute elkarrekin bizitzerik, eta tokiko ekonomia indartzeko bidean ezinbesteko osagaiak dira».
Laurak Batek hainbat bidaide izan ditu Bicicargo zerbitzua abiatu ahal izateko. Horien artean dira Pasaiako Udala, Don Bosco Lanbide Hezkuntzarako Institutua eta Gurpil Artea: «Elkarlanetik, iraunkortasunaren, ingurumenaren, hurbiltasunaren eta tokiko komertzioaren bultzadaren aldeko egitasmoa da, salmentetan hain garrantzitsua den garai honi erantzuna emateko».
Nola?
Bizikleta bidezko banaketa zerbitzua baliatzea erraza da. Lehenik eta behin, erosketak egin ondoren bezeroak adierazi behar du erositako hori nora eramatea nahi den. Horretarako, lau barrutietan jasotze-guneak egokitu ditu Laurak Batek: Antxon, Mapfre aseguru establezimenduan eta Pinturas Nerean; Donibanen, Pari Berri tabernan; San Pedron, Hiru T’erdi tabernan; eta Trintxerpen, Suain dekorazio dendan eta Trintxerpe etxeko tresna dendan. Erositakoak 24 orduan baino gutxiagoan iritsiko dira erosketa-gunetik jasotze-gunera, astelehenetik ostiralera 17:00ak eta 19:00ak artean (jaiegunetan izan ezik, ez da martxan izango zerbitzua); bezeroak establezimendu horiek zabalik diren bitartean joan daitezke erositakoa jasotzera. Bi euroko prezioa du zerbitzuak.
«Aste hauetan zehar pasaitarrek bizikleta gure kaleetatik banaketak egiten ikusten dutenean, nahiko genuke pentsatzea ekintza txikiek gure herriaren egunerokoan eragin baikorra izan dezaketela, zentzu guztietan», adierazi du Laurak Batek.
Bicicargo bizikleta banaketa zerbitzuaren gaineko, edo Laurak Bati buruzko informazio gehiago behar duenak egin dezala harremana haiekin 685 75 57 86 telefono zenbakira deituz, edo Laurak Baten posta elektronikora mezua idatziz.
