Erreleboa Illunbeko zuzendaritza taldean
Jokin Pego Otero izango da arraun elkarteko presidente berria. Zuzendaritza berriaren helburu nagusia da klubaren behin betiko egoitzaren eraikuntza bultzatzea.
Ostiralean Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartearen Ohiko Batzarra egin zen. Bilkura horretan zuzendaritza berria aukeratu zen, hemendik aurrera arraun klubaren buru izango dena. Jokin Pego Otero izango da Illunbeko presidente berria, eta aitortu du “ohore handiz” hartu duela kargua, “aurreko zuzendaritzak egindako lan bikainari jarraipena emateko ilusioa eta konpromisoa partekatzen duten beteranoen talde batekin batera”.
Zuzendaritza berriaren helburu nagusia “klubaren behin betiko egoitzaren eraikuntza bultzatzea” izango dela adierazi du Pegok, eta proiektu horren nondik norakoak azaldu ditu: “Gune ireki bat sortu nahi dugu, Trintxerpeko jendearentzat eta arraunaren lagun guztientzat topagune izango dena, urteetan zehar hainbeste balio irakatsi digun kirola. Ziur gaude proiektu hau dela gure ahaleginak bideratzeko funtsezko zutabea, etorkizunari begira oinarri sendoa emango baitio klubari”.
Iparra gune berriaren eraikuntza izango bada ere, klubak ez du eguneroko jarduna alboratuko: lehian dauden eskifaiak mantenduko dituzte eta adin guztietako arraunlariak prestatzearen aldeko apustua egingo dute. “Gure nahia da Illunbe Arraun Elkarteak arraunaren munduan erreferente izaten jarraitzea eta, guztion lanari esker, urte askotan kirol honen alde egiten jarraitzea”, baietsi du presidenteak.
Klubak orain artean izandako babesa eta konfiantza eskertu ditu, eta etapa berri honetan aktiboki parte hartzeko deia luzatu dute, “gogo biziz eta arduraz egingo baitiogu aurre”.
