10 urteko bidea, '10 urtez musikala'-rekin ospatuko du Zariak
Herriko koru eskolak ikuskizun berezia emango du Lekuona Fabrikan larunbatean (hilaren 20an), 18:30ean hasita.
Hamarkada bat bete du Zaria Koru Eskolak. Horren ospakizuna egingo du hilaren 2oan (18:30), Lekuona Fabrikan, herritarrekin batera: 10 urtez musikala taularatuko dute herriko musika eragileko kide direnek, ikus-entzuleen gozamenerako. “Musikala aukera paregabea izango da musikaz, dantzaz eta musikalen arrakasta handien magiaz beteriko arratsaldeaz gozatzeko”, zehaztu dute Zariako kideek. Informazio eta xehetasun gehiago Zaria Koru Eskolaren webgune ofizialean daude eskuragarri. Sarrerak ia agortuak daude, baina oraindik baten bat eros daiteke.
Korukideen arabera, denboran atzera begirako ibilbidea izango da ikuskizuna, sorretatik egun arte interpretatu dituzten obren ibilbidea alegia. Musikaren erreferente diren hainbat talderen doinuak eramango dituzte, beraz, Lekuonara, Queen, The Beatles edo Abbarenak tartean. Imanol Elizasu zuzendariak, Aitor Gabilondo eszena zuzendariak, eta Karlos Nguema koreografoak bideratu dute atal eszeniko-musikala, eta haien ekarpenen konbinaziotik iritsiko dira koruaren abestiak, bakarlarien aktuazioak, eta koreografiak.
Larunbatekoa emanaldi aro oparo baten segida izango da, egunotan Donibanen edo Donostian ere emango dituztelako kontzertuak eskolaren barruko taldeek: “Gabon kontzertua, berriz, hilaren 22an eskainiko dugu Iztietako elizan 20:00etan. Hilaren 24an Ballesol adinekoentzako egoitzan egongo gara, eta bukatzeko, hilaren 26an, Horra, horra! Gabonetako emanaldian parte hartuko dugu Lekuona Fabrikan”.
Urteurren biribilaren harira, Zariak eskerrak eman dizkie proiektua lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei: “Errenteriako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Etxepare Euskal Institutuari, kultur erakundeei, kolaboratzaileei, artista eta laguntzaile profesionalei, bai eta ekoizpen bakoitza ahalbidetu duten talde profesionalei ere. Aipamen berezia merezi dute abeslariek, istorio honetako benetako protagonistak, eta baita familiek ere, haien etengabeko laguntzari esker proiektua hazi eta indartu egin baita hamar urte hauetan”.

